Politika -
Apirilaren 21eko hauteskundeak
Hauteskunde Batzordeak ontzat eman du Elkarrekin Podemos AB koalizioaren izena, nahasgarria ez dela iritzita
Apirilaren 21eko hauteskundeetara bi bloketan bananduta aurkeztuko dira orain arte koalizioa osatzen zuten alderdiak: Podemos eta Aliantza Berdea, alde batetik, eta salaketa jarri duten alderdiak eta Sumar, bestetik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hauteskunde Batzorde Zentralak atzera bota du Ezker Anitza-IU eta Berdeak Equo alderdiek jarritako errekurtsoa, eta onartu egin du Elkarrekin Podemos Aliantza Berdea koalizioa izen horrekin aurkeztea apirilaren 21eko hauteskundeetara, "nahasmendurik" sortzen ez duela iritzita.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak emandako ebazpena berretsi du, hortaz. Aurrekoan, baina, Ezker Anitza-IUk eta Berdeak Equok helegitea jarri zuten erabakiaren kontra.
Ezker Anitza-IU Podemosekin batera aurkeztu zen aurreko hauteskundeetan, Elkarrekin Podemos-IU koalizioa osatuta. Udal eta foru bozetan, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiak batu zitzaizkien, eta Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU Berdeak Equo Aliantza Berdea izena hartu zuen koalizioak.
Esan bezala, apirilaren 21eko hauteskundeetara bi bloketan bananduta aurkeztuko dira orain arte koalizioa osatu duten alderdiak: Podemos eta Aliantza Berdea, batetik, eta salaketa jarri duten alderdiak eta Sumar, bestetik, eta horrek iritzi kontrajarriak ekarri ditu batzuen eta besteen artean, koalizioaren izenari dagokionez.
Helegitea aurkeztu duten bi alderdien arabera, 2016tik Podemosekin osatu zuten koalizioari Elkarrekin izena jarri zioten, eta, hori dela eta, "nahasgarritzat" jo dute orain Podemosek termino bera erabiltzea, kontuan izanda koalizioa ez dutela alderdi berberek osatzen.