Politika -

''Koldo auzia''

Jose Luis Abalos sarearen "bitartekaria" zen, "Koldo auzia" ikertzen ari den epailearen arabera

Ministro ohiak eta Koldo Garciak Madrilgo jatetxe batean egin zuten bilera aipatu du auto batean Ismael Moreno epaileak. Horren arabera, batzar horrek "aparteko garrantzia du ikertzen ari diren egitateekin". Idatzi berean, Garcia Miguel Telladorekin (PP) bildu behar zela jasotzen da.

Abalos, asteartean, diputatu aktari eusten ziola iragarri zuen egunean. EFE
Abalos, asteartean, diputatu aktari eusten ziola iragarri zuen egunean.
Abalos, asteartean, diputatu aktari eusten ziola iragarri zuen egunean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Garraio ministro izandakoak "bitartekari" lanetan jardun zuen pandemia garaian maskaren esleipenean izandako ustezko eroskeria sarean, "Koldo auzia" —izen horrekin da ezaguna ikertutakoetako bat Koldo Garcia delako, ministro ohiaren aholkulari izandakoa— ikertzen ari den epailaren arabera. 

"Poliziak zaindutako komunikazio eta jardunari erreparatuta, ondoriozta daiteke Jose Luis Abalos eta Jacobo Pombo izan zirela bitartekariak", azaldu du Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak otsailaren 7ko data duen autoan. Europa Press albiste agentziak eskuratu du autoa, eta bertan auzian ustez nahastuta dauden ikertutakoen telefono elkarrizketak grabatzeko baimena eman zuen. 

Koldo Garcia eta gainerako beste sei ikertutakoak joan den astean atxilotu zituzten, hainbat delitu egotzita (gaizkile taldeko kide izatea, dirua zuritzea, eroskeria eta influentzia trafikoa). Abalos eta Pombo, baina, ez dira oraingoz auzipetutakoen artean aipatzen. 

Ministro ohia hizpide, instrukzio epaileak Madrilgo jatetxe batean urtarrilaren 10ean izandako bilera bat aipatzen du. "Koldo (Garcia) hainbat pertsonarekin biltzen da, tartean Jose Luis Abalosekin, La Chalana jatetxearen gune pribatu batean, 21:15etik 22:20ra, eta hala jasota geratzen da poliziaren idatzian", zehaztu du. 

Moreno epailearentzat, hitzordu horrek "aparteko garrantzia du ikertzen ari diren egitateekin". Azaldu duenez, bezperan Juan Carlos Cueto enpresaburu (Soluciones de Gestion enpresaren jabea da, besteak beste) eta sarearen buruzagia omen zena eta Koldo Garcia telefonoz aritu ziren bilera horri buruz. 

Dei horretan, "Cuetok hirugarren bati zerbait esateko eskatzen zion Garciari, Perura egin beharreko bidaia bat baino lehen. Koldok berak adierazi zion pertsona horrekin gai zehatz bati buruz arituko zela, hots, Balear Uharteetako gobernuak Soluciones de Gestion enpresari eskatutako 2,6 milioi euroei buruz", erantsi du epaileak. 

Balearretako Gobernuak dirutza hori itzultzeko eskatu zion ustez sareko enpresa nagusia zenari, milioi bat eta erdi maskara erosi eta hiru urtera. Kontratua ez betetzea egotzi zion, maskarak FFP2 zirelakoan erosi baitzituzten, baina jasotakoak kirurgikoak ziren. 

Urtarrilaren 9an izandako elkarrizketa telefonoko horrez gain, Garcia eta Cuetoren arteko beste hiru dei aipatzen ditu autoak. Aurrenekoan (abenduaren 2a) Abalosen aholkulari izandakoak esan zion kontsulta egin zuela "lehen lan egiten nuen Ministerioan" eta han esan ziotela auziak ez zuela "bilakaera juridikorik". Gerora, abenduaren 7an, kontua "bide onetik" zihoala jakinarazi zion. Azkenean, abenduaren 14an izandako batean, Koldo Garciak azpimarratu zuen "Balearretako espedientea "eginda" zegoela". 

Kongresuko osoko bilkuraren atarian, Patxi Lopez PSOEren bozeramaileari galdetu diote gaiaren inguruan. Horren esanetan, "astakeria" dira gaur kaleratutako informazio batzuk — El Mundo egunkariak bileraren argazkia argitaratu du, autoa filtratu aurretik—. "Zikintzeagatik zikintzea" dela uste du, "enpresaburu bat jende askoarekin biltzen baita". 

''Zikintzeagatik zikintzea'' bilatzen duten albisteak ''astakeria'' direla uste du Patxi Lopezek
''Zikintzeagatik zikintzea'' bilatzen duten albisteak ''astakeria'' direla uste du Patxi Lopezek
''Zikintzeagatik zikintzea'' bilatzen duten albisteak ''astakeria'' direla uste du Patxi Lopezek

1:00

Auto berean, epaileak beste buruzagi politiko bat aipatu du epaileak, kasu honetan PPkoa. Koldo Garcia Abalosen aholkulari ohiak Juan Carlos Cuetori esan zion "Miguel Telladorekin —PPk Kongresuan duen bozeramailea— eta Albertorekin" geratuta zegoela "biharamunean", Balearretako agintariekin batzar bat zehazteko. "Albertoren bidez ari gara bilera eskatzen", adierazi zion Garciak, batzarra Genova kaleko 13.ean (PPren egoitza) izango zela aipatuta. 

Informazio horien inguruan itaunduta, PPko buruzagiak erabat ukatu du eta erantsi Begoña Gomezekin, Pedro Sanchezen emaztearekin, bai hitzartu zela. El Confidencial egunkari digitalak gaur argitaratutako albisteari egin dio erreferentzia, hortaz. 

Horren arabera, Victor Aldama eta Javier Hidalgo ikertutakoek "bi negozio aukera" opatu zizkioten Gomezi maskarekin irregulartasunak egon ziren garaian. 

Miguel Tellado: ''Ez naiz inoiz sareko kide batekin bildu, baina uste dut Sanchezen emaztea baietz''
Miguel Tellado: ''Ez naiz inoiz sareko kide batekin bildu, baina uste dut Sanchezen emaztea baietz''
Miguel Tellado: ''Ez naiz inoiz sareko kide batekin bildu, baina uste dut Sanchezen emaztea baietz''

1:16
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika PSOE Espainiako Gobernua bideoak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril Espainia gaur