Politika -
Koldo auzia
Abalosek ez dio diputatu aktari uko egin eta PSOEk militantzia bertan behera utzi dio
Ministro ohiak agerraldia egin du, hartu duen erabakia azaltzeko. Bere "ohorea" defendatzeagatik eusten diola aktari esan du, eta berretsi du ez dagoela haren kontrako inongo auzibiderik zabalik. Alderdiaren babesa jaso ez izana deitoratu du.
EITB MEDIA
Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko ministro ohi sozialistak iragarri du Kongresuko diputatu aktari eutsi egingo diola eta Talde Mistora pasatuko dela. Horrenbestez, PSOEk eskatutakoari entzungor egin dio. 24 orduko epea eman zion alderdiak eserlekua uzteko, 'Koldo auzia' dela eta —joan den ostegunean atxilotu zuten Koldo Garcia, Abalosen aholkulari izandakoa, covid-19aren pandemian maskaren erosketan iruzur egin zuelakoan—.
Gaurko agerraldian, Garraio ministro izandakoak aitortu du bere ibilbide politikoan hartu duen "erabaki gogorrena" dela honakoa. Alderdiaren eta alderdikideen babesa falta bota dituela ere gehitu du, eta baita ere, gaiaren inguruan "hausnarketa sakon" bat egitea PSOEren barruan. "Ez da posible izan", erantsi du.
Halaber, berretsi du ez dagoela bere kontrako akusaziorik, eta inoiz ez duela legez kanpoko ordainketarik jaso. Inoiz ez zuela bere burua "PSOEtik kanpo" irudikatzen aitortu du. Gainera, uste du akta entregatzeak "irakurketa okerra" izan dezakeela: "erruduna naizela interpretatu daiteke, eta horrek nire pertsonaren eta ibilbidearen gaineko estigmatizazioa ekarriko luke".
Erabakiaren berri izan orduko, PSOEk jakinarazi du behin behinean militantzia bertan behera utziko diola Abalosi, eta alderditik kanporatzeko espedientea zabalduko diola.
Hedabideetara zabaldutako ebazpen batean, Alderdi Sozialistak argudiatu du ministro ohiak Batzorde Federalaren agindu bati uko egin diola, eta hori "arau-hauste larria" dela, talde sozialistaren estatuaren arabera.
Orain, bost eguneko epea du Abalosek, haren kanporatze espedientea izenpetu duen instruktorearen aurrean "bere burua defendatzeko probak" aurkezteko.
Diputatu akta ez, baina Kongresuko Barne Batzordeko presidente kargua utzi egin zuen atzo Abalosek.