Politika -

'KOLDO AUZIA'

Abalosek Kongresuko Barne Batzordeko presidente kargua utzi du, baina oraingoz diputatu aktari eutsita

Oraingoz, Garraio ministro izandakoak ez du diputatu akta entregatu, PSOEk goizean eskatu bezala. Joan den ostegunean Abalosen aholkulari ohia atxilotu zuten, ustelkeria kasu batekin zerikusia izan zezakeelakoan.

Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia, artxiboko irudi batean.
Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko ministro izandakoak Kongresuko Barne Batzordeko presidente kargua utzi du, baina, oraingoz, ez du diputatu akta entregatu, bere alderdiak (PSOE) gaur goizean eskatu bezala, 'Koldo auzia' dela eta.

"Ardura politikoagatik" diputatu akta entregatzeko galdegin dio PSOEren Batzorde Federalak Garraio ministro izandakoari, eta 24 orduko epea eman dio horretarako. Aho batez hartu dute sozialistek erabakia, Esther Peña sozialisten bozeramaileak, zuzendaritza-bileraren ondoren egin duen agerraldian jakinarazi duenez.

Guardia Zibilak joan den ostegunean atxilotu zuen Koldo Garcia, Abalosen aholkulari izandakoa, covid-19aren pandemian maskaren erosketan iruzur egin zuelakoan. Hori dela eta, PSOEk uste du Abalosen kontrako inolako auzibiderik zabaldu ez bada ere, diputatu akta uztea dagokiola. "Ez gara epaileak, ez gara fiskalak eta ez dagokigu inor epaitzea, baina PSOEren Batzorde Federalak iritzi dio hemen badagoela ardura politiko bat", zehaztu du Peñak.

Bozeramaile sozialista ziur agertu da Abalosek "arduraz" jokatuko duela eta alderdia lehenetsiko duela erabakia hartzerakoan. Hori esanda, PSOEk ustelkeria politikoaren aurrean hiru oinarri "argi" dituela gehitu du: "justizia, gardentasun osoa eta erantzukizuna".

Bere azken agerraldian, Abalosek esan zuen ez duela dimisioa emateko asmorik, baina alderdiak hala eskatuz gero, gaia aztertzeko prest azaldu zen. Alderdiak gaur goizean ultimatuma mahai gainean jarri eta gero, arratsaldeko lehen orduan Kongresuko Barne Batzordeko presidente kargua utzi du, baina diputatu aktari eutsi egiten dio, ardura hori pertsonala dela argudiatuta.

Ferrazeko iturriek azaldu dute 24 orduko epean akta entregatzen ez badu, sozialisten talde parlamentarioa utzi eta talde mistora joan beharko duela.

Bestalde, PSOEk atzeratu egin du Kongresuan pandemian osasun-materialaren erosketa publikoak aztertzeko ikerketa batzorde bat sortzeko eskaeraren erregistroa. PSOEk goizean iragarri du eskaera astelehen honetan aurkeztuko zuela, baina arratsaldean iturri sozialistek adierazi dute eskakizuna amaitzen ari direla eta orain asteartean egitea dela asmoa.

PSOEren asmoa ikerketa batzordearen eskaera bakarka Kongresuan aurkeztea da. Batzordeak Koldo auzia ikertuko luke, baina bere eskumenak zabalduko lituzke pandemian zehar egindako beste osasun-material erosketa publiko batzuetara, besteak beste, Tomas Diaz Ayusoren auzia, Madrilgo Erkidegoko presidentearen anaiaren kasua.

Sumar Mugimenduak ere sozialisten erabakia babestu eta Kongresuan ikerketa batzorde bat martxan jartzearen alde egingo duela aurreratu du, 'Koldo auzia' zein Madrilgo Erkidegoarekin lotutako ustezko irregulartasunak argitzeko. 

Sare-sozialetan zabaldutako mezu batean, Yolanda Diaz Sumarreko buruak gogor kritikatu du "pandemiaren okerrenean" zenbaitek "negozioak egiteko aprobetxatzea". "Berdin dio nor den, Koldo edo Tomas Diaz Ayuso: gaitzetsi egin behar da eta eratzukizunak eskatu", bota du.

Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagiak PPk Senatuan erregistratu duen ikerketa batzordea justifikatu du, eta ziurtatu du Pedro Sanchezek ez duela "erantzuten" bere agindupeko ustelkeria sareari buruz "galdetzen diotenean".

Bere aldetik, Alderdi Popularrak PSOEren eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontra egiteko aprobetxatu du, beste behin, abagunea. Borja Semper PPren bozeramaileak Abalosi eskatu dio "dakien guztia kontatu" dezala, are gehiago "alderdiak bazterrean botata" utzi duenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak