Politika -
USTELKERIA
Koldo Garciak bi urtetan ondarea 1,5 milioi handitu zuela ikertzen ari da epailea
Benidormen bere alaba adingabearen izenean, eta hipotekarik gabe, erosi zuen etxebizitza dago aztertzen ari diren ondasunen artean.
agentziak | eitb media
Ikertzaileek Koldo Garcia Jose Luis Abalos ministro espainiar ohiaren aholkulari izan zenak 2020tik 2022ra ondarea nola handitu zuen ikertzen ari da, denbora tarte horretan 1,5 miloi eurora iristen diren ondasunak eskuratu baitzituen, tartean Benidormen bere alaba adingabearen izenean, eta hipotekarik gabe, erosi zuen etxebizitza bat.
Soluciones de Gestion y Apoyo a Empresasek esleipen publiko batzuk jaso eta "bost hilabetera" izan ziren erosketak. Hain zuzen ere, enpresa hori ari da ikertzen Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailea pandemian musukoen salerosketan komisioak kobratzeagatik irekitako auzian.
Koldo Garcia, Victor Aldama Zamora CFren presidentea eta Iñigo Rotaetxe enpresaria ari dira, besteak beste, auzi horretan ikertzen, eta atxilotu ostean libre geratu baziren ere, Espainiatik ateratzea debekatu diete.
Madrilgo PPk jarritako salaketa baten harira Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak 2022an aurkeztutako kereilaren puntu garrantzitsuenak aipatzen dira behin behineko neurriei buruzko autoan.
Koldo Garciaren eta bere emaztearen ondarearen hazkundeaz gain, Fiskaltzak "diru-sarrera efektiboetan" ere jartzen du azpimarra.
Gainera, 2020ko abendutik aurrera hipoteka eta maileguetan egindako ekarpenen hazkundea aipatzen da, Benidormeko hiru higiezinekin lotuta.
Higiezinetako bat Koldo Garciaren alaba adingabearen izenean erosi zuten 115.000 euroren truke eta hipotekarik gabe: 11.500 euro eskudirutan ordaindu ziren, eta gainerakoa lau txekeren bidez. Lau txekeetako diruaren jatorria alabaren izenean dagoen kontu bat da, baina erosketa egin baino bi egun lehenago 110.023 euroraino diruz hornitua izan zena: Koldo Garciaren anaiak emandako mailegu baten bitartez, eta Koldo Garciak eta bere emazteak egindako ekarpenekin, tartean 90.000 euro eskudirutan.
Ismael Moreno epailea talde kriminala osatzea, dirua zuritzea eta kargudunen eroskeria ikertzen ari da auzi honetan, COVID-19arekin lotutako 13 kontraturen esleipenetan ustez izandako irregulartasunengatik.