Politika -

Tsunami auzia

Puigdemont Tsunamiko lider "absolutua" dela adierazi dute Goreneko fiskalek

Berehala etorri da Puigdemonten erantzuna. "Sare ustel bat" osatzea eta "Zuzenbide Estatutuaren artezilariak" izatea egotzi die fiskalei.

Carles Puigdemont. Argazkia: EITB Media
Carles Puigdemont
Carles Puigdemont. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia eta Juntseko eurodiputatua terrorismoagatik ikertzearen alde agertu diren Auzitegi Goreneko fiskalek Tsunami Democraticeko lider "absolutua" dela adierazi dute txostenean,  ekimen horri eman dion"babes intelektual eta etikoagatik".

Fidel Cadena fiskalak 14 orrialdetako txostenean adierazi duenez, otsailaren 6an Puigdemont Tsunami Democratic auzian terrorismoagatik ikertzearen alde bozkatu zuten Gorenaren zigor-arloko lehen sekzioko fiskalek.

Fiskalen batzorde hartan, 15 kidek (11 boto, 4ren kontra) Puigdemonten eta Ruben Wagensberg Parlamentuko diputatuaren aurka egiteko zantzu nahikoak zeudela ikusi zuten, eta, aldeko 12 eta kontrako 3 botorekin, terrorismo delituak egon daitezkeela.

Hala, Alvaro Redondo Auzitegi Goreneko fiskalak idatzitako txostena bertan behera utzi dute, Puigdemonten eta Wagensbergen aurkako kriminalitate zantzu arrazionalik ez dagoela iritzita. Halaber, ez dute terrorismo deliturik antzeman, desordena publiko larriak, dokumentuak faltsutzea, derrigortzea eta kalteak eragitea baizik.

Hala ere, lehenengo sekzioko bi presidenteek, Fidel Cadena (proces auziko lau fiskaletako bat) eta Joaquin Sanchez-Covisa, jarrera kontrajarriak agertu dituzte. Lehenengoak Redondoren txostenaren aurka egin du, eta bigarrenak, berriz, alde. Ondorioz, Maria Angeles Sanchez-Conde Goreneko fiskalburuordearen iritzia erabakigarria izango da, Fiskaltzak gai honetan duen irizpidea bateratuz.

Sanchez-Condek eskatuta idatzi du testua, eta fiskalen gehiengoak Puigdemonten "erabateko lidergoa" eta "autoretza intelektuala" egiaztatzen duten "zantzuen aniztasuna" ikusten duela defendatu du.

Haren ustez, Kataluniako presidente ohiak "ondasun juridikoaren lesioa saihestu ahal izango zukeen" bere "babes karismatikoa" kenduta, baina "hortik urrun, haren ezagutzarekin eta baimenarekin egin ziren indarkeriazko ekintzetan jarraitzera animatu zuen".

Sinatzaileek defendatzen dutenez, Manuel Garcia Castellon epailearen azalpen arrazoituaren arabera, "Tsunami Democratic mugimenduak egindako arau-hauste penal ugari daude".

"Zuzenbide Estatutuaren artezilariak"

Berehala etorri da Puigdemonten erantzuna. "Sare ustel bat" osatzea eta "Zuzenbide Estatutuaren artezilariak" izatea egotzi die fiskalei.

Kataluniako presidente ohiaren iritzian, bi arrazoi egon daitezke fiskalen ondorioen atzean; polizia indarrek "intentzio txarrez eta manipulatuta" igorritako informazio ontzat ematea, edota, informazio hori manipulatuta dagoela jakinda ere, "helburu politikoarekin erabiltzea".  Kasu bat edo bestea izan,  Zuzenbide Estatuaren oinarriak hankaz gora jartzera datorren "lehergaia" ikusten du bietan Puigdemontek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean Europako Parlamentua Junts per Catalunya