Politika -

HAUTESKUNDEAK GALIZIAN

Galiziako hauteskundeen biharamunean, argitzeko geratu diren bost gako

Galiziako hauteskundeen emaitzek ziklo aldaketa iragartzen al dute Espainian? Podemos eta Sumar desagertze bidean abiatu al dira? Voxen hazteko ezintasunak ultraeskuinaren burbuilaren amaiera irudikatzen al du? Hauek dira O-18ak utzitako argazkitik eratorritako galderetako batzuk.

Boto emaile bat atzo Ourenseko hautesleku bateko kortina atzean. Argazkia: EFE
Boto emaile bat atzo Ourenseko hautesleku bateko kortina atzean. Argazkia: EFE
Boto emaile bat atzo Ourenseko hautesleku bateko kortina atzean. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galiziako Parlamenturako hauteskunde autonomikoak igaro berritan, hauxe da emizikloaren osaera berria: 75 diputatutik 40 PPkoak izango dira, 25 BNGkoak, 9 PSdGkoak eta 1 Democracia Ourensanakoa. Bosgarren gehiengo absolutua lortu du jarraian PPk, BNGk errekor berria ezarri du nazionalismo galiziarrarentzat, sozialistek galera gogorra izan dute eserlekutan eta DO Parlamentuan estreinatu da. Sumarrek, Podemosek eta Voxek ez dute ordezkaritzarik lortu.

Biharamunak galdera batzuk utzi ditu mahaigainean, eta hilabete gutxitan argituko dira horietako batzuk; besteak beste, bi hauteskunde hitzordu berri daudelako ate joka.

Galiziako hauteskundeen emaitzek ziklo aldaketa iragartzen al dute Espainian?

PP "ziklo aldaketaz" hitz egiten hasi da jada. PSOEri "hauteskunde guztiak" irabazi dizkiotela nabarmendu nahi izan dute, "azken 16 autonomikoetatik 11". Cuca Gamarra idazkari nagusiaren esanetan, "hauteskunde-ziklo berri bat abian da, argi geratu delako Sanchezen ereduak ez duela espainiarren babesik".

PPren iritziz, Galiziako emaitzek herritarren mezu argia ematen diote PSOEri, ez dutela Amnistia Legea onartzen, alegia, eta datozen hauteskundeei begira, Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako presidenteak adierazi du "aldeko haizea" dabilela EAEko eta Europako hauteskundeetarako.

Ez da hori, ordea, PSOEren interpretazioa. Emaitzak txarrak izan direla onartu arren, "bere hautagaiari ezagutzera emateko denbora falta izan zaiolako" izan dela uste dute sozialistek, ez duela Amnistia Legearekin zerikusirik, eta ukatu egin dute "ziklo aldaketaren abisua" izan denik. Esther Peña PSOEren Zuzendaritza Federaleko bozeramaileak defendatu duenez, "emaitza desberdinak ditugu autonomia erkidegoetan, baina ez gara gutxiengoa inon".

Gogoan izan behar da, dena dela, bi urteko bolada txarra daramala PSOEk Espainian. Lehen indarra izateari utzi zion Gaztela eta Leonen 2022ko hauteskunde autonomikoetan; babesa galdu zuen urte horretan bertan Andaluziako hauteskunde autonomikoetan, PPk gehiengo osoz irabazi baitzuen; eta botere asko galdu zuen 2023ko maiatzeko udal eta autonomia hauteskundeetan, eta horrek eragin zuen hauteskunde orokorrak aurreratzea.

Ahots kritiko ohikoenak, Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak, alderdiak hausnarketa sakona egitea eskatu du beste behin ere: "gai batzuen inguruan hausnarketak eta zuzenketetak eginez bakarrik zuzendu dezakegu ziklo bat, alderdia eramango duen zikloi bat bihur ez dadin", ohartarazi du.

Podemos eta Sumar desagertze bidean abiatu al dira?

Sumarrek aitzakiarik gabe onartu ditu Galiziako hauteskundeetan izandako emaitza txarrak, baina erkidegoaren "testuinguru konplexuan" kokatu du gertatua eta bere markak "indartsu" jarraitzen duela ziurtatu du, nahiz eta botoen % 1,9ra baino ez iritsi. Etorkizuneko Amnistia Legeari buruzko eztabaidak ez duela eraginik izan emaitzetan uste dute, ezta Podemosekin izandako hausturak ere. Antolaketa-indarrean eta lurraldeko azpiegiturak landuko dituzte Euskadin beste horrenbeste gerta ez dakien.

IUtik esan dute, dena dela, Podemosekin izandako hausturak "ez duela itxura ona eman".

Sumarren iturriek EITBri adierazi diotenez, "Galiziako emaitzek ez dituzte hemengo erabakiak aldatzen. Toki ezberdinak dira eta hemen, duela astebete esan bezala, negoziaketa esparrua itxita dago. Podemosetik ez dute adierazpenik egin nahi izan gai honi buruz.

Galizian izandako emaitzek txarrak onartu ditu Podemosek ere, botoen % 0,26 besterik ez baitute lortu. Eszenatoki "zailetik" abiatzen zirela esan dute, baina porrota "adierazgarria" dela eta orain Galizian zein Estatu osoan alderdia "berregitea" tokatzen dela. Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, "berreraikuntzarako lehen froga Euskadin" izango da. Hemen egoera desberdina dela defendatu du, alderdiak presentzia duelako erakundeetan, lurraldean errotuta daudelako eta urteetan "finkatutako" proiektua dutelako.

Juan Carlos Monedero politologo eta Podemosen sortzaileetako bat izan zenak X sare sozialean idatzi du Sumarren eta Podemosen arteko "borrokak" "biak ala biak garrantzirik ez izatera" eraman dituela eta hori ikusita, esan du "egoagatik eta haserreagatik mugitzen denak hobe lukeela etxera joatea".

Voxen hazteko ezintasunak ultraeskuinaren burbuilaren amaiera irudikatzen al du?

Haserre hitz egin dute Voxeko buruzagiek Galiziako hauteskundeetan botoen % 2 eskuratu eta Parlamentuan eserlekurik gabe geratu ondoren. Alderdi ultraeskuindarrak ez du lortu, berriz ere, ordezkaritzarik.

Voxen ustez, hautesleei euren mezua helaraztea galarazten diete, "komunikabideek isilarazi egiten dituztelako" eta beste alderdiek "beldurraren botoa"-ren karta jokatzen dutelako.

Ekainaren 23ko hauteskunde orokorretan 19 diputatu galdu ondoren egin bezala, oraingon ere ez dioten euren jardunari akatsik aurkitu Santiago Abascalen taldekideek eta besteen eraginari egotzi diote euren porrota. EAEko eta Europako hauteskundeei begira, PSOE-Sumarren "ahultasuna" aprobetxatzeko deia egin dute, eta Sanchez eta nazionalismoa "zuritzeari" uzteko eskatu diote PPri.

Erantzun gisa edo, Javier De Andres EAEko PPko presidenteak bideo bat argitaratu du sare sozialetan Galiziako hauteskundeetan Voxi botoa emateak "ezertarako ez duela balio" erakutsi duela esanez.

Xuntara iristeko moduan ikusten al du BNGk bere proiektua?

Hauteskunde Batzorde Nazionala bildu du gaur BNGk, emaitzak aztertzeko: 25 diputatu eta 467.074 boto eskuratu dituzte, datu historikoa. Ana Ponton buruzagi nazionalistak hitz eman du lanean jarraituko duela euren proiektua "pertsona gehiagorengana zabaltzeko" eta sektore gehiagotara iristeko. Hala, helburu berari eusten diotela defendatu du, BNG PPren alternatiba gisa sendotu eta egunen batean popularren "nagusitasuna" hautsiko dutela ziurtatu du

"Egia da ez dugula PPren gehiengo osoa garaitzea lortu, baina ezer ez da berriro berdina izango. Galizia aldatu egin da eta etorkizunerako alternatiba sendoa eta itxaropen eta ilusio emaria dago", azpimarratu du Pontonek.

"Badakit ez dugula helburua lortu eta pertsona asko desengainatuta daudela, baina esan nahi diet ez egoteko, itxaropenerako arrazoiak ditugula. Aldaketa sakonek denbora asko daramate, baina argi dago herri hau aldatu egin dela eta aldaketa horiek iritsiko direla", berretsi du, itxaropenaren aldeko aldarria eginez.

Galiziako emaitzek euskal alderdi subiranistak indartzen al dituzte?

EH Bildu ERCrekin eta BNGrekin aurkeztuko da Europako hauteskundeetara. Arnaldo Otegi koalizio independentistako koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, BNG "etorkizuneko indarra da Galizian" eta "Estatuko lurralde-eztabaidarako bidelagun" izango da.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ere esan du "biziki" pozten dela BNGk atzo Galiziako hauteskundeetan lortutako emaitza "bikainengatik". Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, PPko hautagaia zoriondu ondoren, Ortuzarrek salatu du Estatu mailako lehia eraman dutela PPk eta PSOEk hauteskunde horietara eta biei gaizki atera zaiela gainera du: "Biak atera dira galtzen estrategia horretan, PP bi eserleku atzera eginez eta PSOE bost".

Javier de Andres EAEko PPko presidenteak iritzia eman nahi izan du Ortuzarrek esandakoari buruz ere. EAJ ez duela ulertzen esan du, eta alderdi jeltzaleak BNGren "arrakasta ospatzen" zer egiten duen galdetu die, "gauza bera gertatzen bada EAEko hauteskundeetan edo Europako hauteskundeetan ere poztuko al dira?", galdetu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Galizia Hauteskundeak Galiziako Xunta