Politika -
Amnistia Legea
Eta orain, zer? Amnistia Legeak bigarren aukera bat du oraindik
Lege proposamena Kongresuaren Justizia batzordera itzuliko da orain, taldeek nahi beste aldaketa egin dezaten. Hori bai, amnistia aurreikusitakoa baino beranduago onartzea ekarriko du.
EITB Media
Kongresuak errefusatu egin du Amnistia Legea, eta orain ekimena Behe Ganberako Justizia Batzordera itzuliko da, bigarren aukera baten bila.
Joan den astean, Justizia Batzordeak legearen txostena onartu zuen, PSOEk ERCrekin adostutako zuzenketekin. Testu horrek Juntsen babesa izan zuen orduan.
Nolanahi ere, orain Carles Puigdemonten alderdiak adierazi du lege proposamen hori ez dela nahikoa, eta amnistia kasu guztietan blindatu ahal izateko zuzenketak aurkeztu ditu. Izan ere, azken egunetan Juan Manuel Garcia Castellon epaileak Amnistia Legeak aurreikusten ez dituen delituak atzeman ditu CDR eta Tsunami Democratic taldeen protestetan, eta Bartzelonako epaile batek atea ireki du Generalitateko buru ohiari "goi mailako traizioa" egozteko.
PSOEk, baina, uko egin die Juntsen eskakizunei, Auzitegi Konstituzionalaren beldur.
Hemendik aurrera, Kongresuaren Araudiko 131.2 artikuluari jarraiki, lege proposamena Justizia batzordera itzuliko da, eta taldeek aldaketak aurkeztu ahal izango dituzte, transakzio-zuzenketen bidez.
Horretarako epea hilabete batekoa izango da gehienez jota, baina Ganberako Mahaiak 15 egunera labur dezake, auzia premiazkoa dela erabakitzen badu.
Horren ostean, Behe Ganberak berriz ere bozkatuko du Amnistia Legea.