Politika -

ESPIOITZA

Aragonesek CDR taldeen ekintzak zuzentzen zituela argudiatuta eskatu zuen CNIk hura espiatzea

Gaur zabaldu diren informazioen aurrean, haserre agertu da Kataluniako presidentea. "Gezurrak asmatzea" egotzi dio Espainiako Inteligentzia Zentroari, espioitza justifikatzeko. "Kataluniaren kontrako operazioren bigarren zatiaren aurrean gaude", esan du.

Pere Argones, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Pere Argones, artxiboko irudi batean.
Pere Argones, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pere Aragones Generalitateko presidenteak  Errepublikaren Defentsarako Batzordeak (CDR) zuzentzen zituela argudiatu zuen Espainiako Inteligentzia Zentroak (CNI), Pegasus sistemaren bidez hura espiatzeko (2019ko uztailetik 2020ko martxora) baimena eskatu zionean Auzitegi Gorenari. Informazio hori dago jasota, besteak beste,  Espainiako Gobernuak espioitza ikertzen ari den epailearen esku utzi zituen —desklasifikatu ondoren— hiru autoetako batean.

Dokumentuotan jasota dagoenez, CDR taldeak "zuzentzea" eta "protestak koordinatzea" Aragonesen ardura zela baieztatu zuen CNIk. "Bere lan instituzionaletik kanpo eta klandestinitatean, CDRen koordinatzaile lanetan jarraitu du", dio autoetako batek.

Informazioaren berri izan orduko, Aragonesek bere haserrea adierazi du, eta "gezurrak asmatzea" egotzi dio Inteligentzia Zentroari. Uste du "Kataluniaren kontrako operazioaren bigarren zatiaren aurrean" gaudela, eta harik eta "faltsukeria" guztiak argitu arte, ez duela amore emango hitz eman du.

Halaber, presidente kataluniarrak berriro salatu du informazia asko gorde dela isilean, "dokumentu asko desklasifikatu gabe" geratu direlako. "Katalunia Operazioak bigarren zati bat izan duela argi geratzen ari da: Kataluniaren independentziarekin dugun konpromisoagatik, espioitza", esan du. 

Bien bitartean, Espainiako Gobernuaren izenean Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak berretsi du 2019an orduko Exekutiboak ez zuela Aragones espiatzea baimendu, eta horren berririk ere ez zuela zehaztu du. Erantsi duenez, PSOE agintera heldu aurreko garaian du jatorria operazioak.

Kontrara, PPk beste behin esan du Sanchezen Gobernuak baimendu zuela 2019 eta 2020 artean Generalitateko presidentea zelatatzea. "ERCko kideak espiatzeko baimena eman zuten bitartean,  alderdi horretako buruzagiekin eseri zen aldebiko elkarrizketa-mahai batean", salatu du Alderdi Popularrak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatea Espioitza Politikoa