Politika -

KONSTITUZIOAREN ERREFORMA

"Gutxitu" hitza Espainiako Konstituziotik ezabatzea onartu du Kongresuak, eta Senatura igaro da erreforma

49. artikuluaren testutik "gutxitu" hitzaren ordez "desgaitasuna duen pertsona" jarri du erreformak. Voxek kontra bozkatu du.

Txaloak erreformaren ostean. Argazkia: EFE
Txaloak erreformaren ostean.
Txaloak erreformaren ostean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak "gutxitu" hitza Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren testutik ezabatu eta horren tokian "desgaitasuna duen pertsona" kontzeptua txertatzea onartu du osoko bilkuran. 

PSOEk eta PPk adostu bezala, izapidetze zuzena erabilita eta irakurketa bakarren bidez egin dute erreforma, hots, lantaldetik edo batzordetik igaro gabe. Halaber, 49. artikulua soilik moldatuko da.

Atzo, Kongresuko Mahaiak atzera bota zituen alderdi politikoek aurkeztutako zuzenketak (EAJk 11 eta Sumarrek 2), horiek 49. artikuluaren erreformarekin lotuta egon behar zutela iritzita. EAJk nahi zuen, esaterako, "Euskadiren erabakitzeko eskubidea" erreforman jasotzea, nazioen eta lurraldeen autonomia eskubidea aintzat hartzea, eta Indar Armatuei Konstituzioaren eta Espainiako lurralde osotasunaren ordenamendua bermatzearen eginkizuna kentzea.

312 aldeko eta 32 kontrako boto izan ditu erreformak Kongresuan. Bozketa horren ostean, ekimena Senatura pasatuko da zuzenketarik sartu gabe, eta datorren astean osoko bilkura berezi batean onar daiteke.

Gutxienez diputatuen hiru bostenek osatutako gehiengoak onartu behar zuen Konstituzioaren aldaketa. Egin den lehendabiziko erreforma soziala da. Desgaitasunaren inguruko erakundeek aldaketa txalotu egin dute harmailetatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika Albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Espainia argazkiak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Adimen desgaitasuna