Politika -

Diputatuen Kongresua

Amnistia legeak bidea hasi du Kongresuan, eztabaida saioan onartu ostean

PSOEko eta Sumarreko diputatuen baiezko botoei esker atera da aurrera. PPk kontra bozkatu du.

Kongresua, Sanchezen inbestidura saioan. Argazkia: EFE
Kongresua, Sanchezen inbestidura saioan
Kongresua, Sanchezen inbestidura saioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko Mahaiak argi berdea eman dio Amnistiaren Lege Organikoaren tramitazioari. PSOEk erregistratu zuen lege proposamena, ERC eta Junts alderdiekin ituna egin ostean. Sozialisten eta Sumarren aldeko botoei esker hasi du aurrerabidea lege egitasmoak; PPk, aldiz, kontra bozkatu du.

Behe Ganberako letratuen txosten juridikoaren ondotik iritsi da erabakia. Testu horretan, abokatuek adierazi dute lege proposamenak ez duela Konstituzioarekin "ageriko kontraesanik", nahiz eta onartzen duten badirela Konstituzioaren aurkako zalantzazko zenbait puntu. Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi dituzte, baina, unean-unean sor daitezken zalantza horiek.

Hala, lege proposamena onartzeaz gain, PSOEk eta inbestidurako kideek galdegin bezala, legea presazko prozeduraz tramitatzea adostu dute.

Horrekin, epe parlamentario guztiak erdira murriztuko dira, eta arindu egingo da osoko zuzenketen zein zuzenketa partzialen tramitazioa. Halaber, bizkortu egingo da horien gaineko eztabaida. 

Hain zuzen ere, sozialisten asmoa da abenduan bertan onartzea legea Kongresuan, jarraian Senatura bidaltzeko. Han, PPk gehiengo osoa du, eta popularrek asmo dute  tramitazioa ahal bezainbeste luzatzea —bi hilabete gehienez, horixe zehazten baitu Konstituzioak—.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Presoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Espainiako Amnistia Legea gaur