Politika -
PSOE eta Junts-en arteko ituna
Akordioa "aurrekaririk gabeko erasoa" dela esan du Feijook, O-23rekin eta ETArekin alderatu du
Galderarik gabeko adierazpen batean, Pedro Sanchez jarduneko gobernuburuari Espainiako nazioa "mutilatu nahi dutenekin bat egitea" egotzi dio PPko buruak, eta "kapitulazio prozesu" horren aurrean "demokrata guztiek batera erantzuteko" deia egin du.
EITB Media
"Espainiako demokrazia aurrekaririk gabeko erasoa jasaten ari da, baina ez da Espainiako demokrazia mehatxatuta dagoen lehen aldia. 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpea, hainbat hamarkadatan ETAren terrorismoa eta Kataluniako independentismoak 2017an egindako kolpea askatasunaren eta bizikidetzaren aurkako erronkak izan ziren. Kasu honetan, Gobernuko presidentetzarako hautagai bat da Konstituzioaren balioen aurkako mehatxua", adierazi du Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak PPren egoitza nagusian, Genova kalekoan.
Galderarik gabeko adierazpen batean, Feijook Espainiako nazioa "mutilatu nahi dutenekin bat egitea" egotzi dio Pedro Sanchez jarduneko gobernuburuari, eta "kapitulazio prozesu" horren aurrean "demokrata guztiek batera erantzuteko" deia egin du.
PPko buruak esan du "zaila" dela "amore emate handiagoa irudikatzea", eta azpimarratu du "erronka" horrek "erakundeen, legearen, politikaren eta gizartearen" erreakzioa eskatzen duela, "alderdi politikoen marjinetatik haratago joan behar duena".
"Espainiako demokraziari egindako eraso baten aurrean gaude, Espainiako demokraten erreakzioa eskatzen duena, ideologia bereizi gabe", aldarrikatu du PPko agintariak, eta Sanchezek "espainiarren bizkar kapitulazio prozesu honi ekitea" erabaki izana salatu du.
Sanchezek "independentismoaren eskakizunei amore eman" diela ziurtatu ostean, Feijook ziurtatu du PPk ez duela "etsiko" eta ez diela herritarrei "huts egingo", are gehiago, bere ustez, PSOE "desagertu" egin delako eta independentistak "irabazten" ari direlako. "Sanchez independentismoaren xantaiari amore ematen ari zaio erabat, espainiar guztiok gure zergekin, gure eskubideekin eta gure duintasunarekin ordainduko dugun akordioa", ohartarazi du.