Politika -
Katalunia
CDRetako hamabi kide terrorismoagatik epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak
Auzi horretan auzipetutako gehienak 2019ko irailean atxilotu zituzten, Judas Operazioan, ustez urriaren 1aren 2021eko urteurrenari begira eta Auzitegi Gorenak "proces"eko buruzagi subiranisten aurka emandako epaiaren kontra indarkeriazko ekintzak planifikatzeagatik.
Agentziak | EITB Media
Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salak sumarioa itxi eta Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR) 12 kideen aurkako ahozko epaiketa hastea erabaki du.
Horrela, Hirugarren Sekzioko magistratuek Manuel Garcia Castellon instrukzio-epaileak 2019ko irailean egindako Judas Operazioan hartutako erabakia babestu dute. Operazio horretan atxilotu zituzten auzi honetako auzipetu gehienak, ustez urriaren 1aren 2021eko urteurrenari begira eta Auzitegi Gorenak "proces"eko buruzagi subiranisten aurka emandako epaiaren kontra indarkeriazko ekintzak planifikatzeagatik.
Magistratuak Erantzun Taktikorako Taldearekin (ERT) lotu zituen atxilotuak, eta haren tesiaren arabera, talde hori CDRetako "erradikaltasun handiko" kideek osatzen zuten, eta, indarkeriaren bidez, Kataluniaren independentzia lortu nahi zuten.
Auzipetuetako batzuek sumarioa ixteko eskatu zuten Zigor-arloko Salan, eta, aldi berean, ikerketa-eginbideak egiteko eskatu zuten. Eginbide horietako batzuk errefusatu egin dituzte magistratuek, ez dituztelako beharrezko ikusten, eta beste batzuk ahozko ikustaldian erabakiko direla adierazi dute.
Gainera, Zigor-arloko Salak ez du onartu hiru auzipetuk erakunde terroristako kide izatea frogatzeko zantzurik ez zutela argudiatuta auzia artxibatzeko egindako eskaera.
Ohar baten bidez, Alerta Solidario ezker independentistaren erakundeak eta auzipetuak babesteko taldeak epaitegien "presa" salatu dute, amnistia gauzatu baino lehen auzia epaiketara bidaltzeko; izan ere, egunotan PSOEren eta Parlamentuko kideen artean eztabaidatzen ari den amnistia legean sar litekeen kasuetako bat da honakoa.
"Auzitegi Nazionalak bere zigilua jarri eta fitxa mugitu du Kataluniako independentismoaren aurkako errepresioaren estatu operazio zikinenetako bat epaitu eta amaitzeko. CDRetako kideak existitzen ez den terrorismo batengatik epaitzea errepresio makineria basati guztiari zentzua ematen dion kontakizuna da", salatu dute komunikatuan.