Politika -
Inbestidura
Sanchezek esan du "Espainiaren interesagatik" eta "elkarbizitzagatik" onartu nahi duela orain amnistia
Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren hautagaiak azpimarratu duenez, "aukera bakarra da Espainian Gobernua egon dadin eta hauteskundeak errepika ez daitezen".
agentziak | eitb media
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren hautagaiak esan du Katalunian amnistia bat onartzearen alde dagoela, aukera bakarra dagoelako gobernu bat egon dadin eta hauteskundeak errepika ez daitezen.
"Espainiaren izenean, Espainiaren interesagatik, espainiarren arteko bizikidetzaren alde, Katalunian amnistia ezartzearen alde nago testuingurua kontuan izanda", adierazi du PSOEren Batzorde Federalean, alderdikideen aurrean.
Sanchezek azaldu duenez, Katalunian indultuak onartu zituenean bertan aurreratu zuen pauso gehiago eman beharko zirela, eta "oraingoz" halakorik ez zutela aurreikusten aitortu badu ere, berretsi du neurria hartzearen aldekoa dela inbestidura lortze aldera.
"Irtenbide bakarra da Espainian gobernu bat egon dadin eta hauteskundeak errepika ez daitezen", gaineratu du.
Akordioa Sumarrekin
PSOEko "baroiek" eta ministroek babes irmoa agertu diete Pedro Sanchezi eta Sumarrekin egingo duen akordioari, baina amnistiari buruz militanteei zergatik ez zaien galdetu planteatu duenik ere izan da.
Hala, Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak militanteei "galdera erdiak" egitea gaitzetsi du, amnistia legeari erreferentzia eginez. Zentzu berean, Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta diputatu ohi sozialistak esan du amnistiari buruzko galdera bat ere sartu beharko litzatekeela galdeketan, "barne demokraziaren mesedetan".
Isabel Rodriguez ministro eta bozeramaileak, berriz, alderdiaren "gardentasuna" txalotu du, eta parekorik ez duela azpimarratu.
Datorren astean PSOEko alderdikideek galdera honi erantzun beharko diote: "Babesten al duzu Sumarrekin Gobernua osatzeko akordioa eta beharrezko gehiengora iristeko beste alderdi politiko batzuen babesa lortzea?".