Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Martinezen (Sumar) ustez, "aldaketa sozialen ardatza oinarrizkoa da" Sanchezen gobernuaren negoziazioetan
Sumarren Bizkaiko diputatuak nabarmen duenez, Yolanda Diazen alderdiak hainbat eskakizun jarriko ditu mahai gainean: lanaldia murriztea, kaleratzeak garestitzea, zaintzaren arloko legea sortzea edota erosketa saskiaren garestitzearen aurrean neurriak hartzea, besteak beste.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Pedro Sanchez sozialistak Espainiako Gobernuko presidente berriro izateko negoziazioak hasi dituen egunean, hurrengo gobernuan "aldaketa sozialen ardatza" aldarrikatu du Lander Martinez Sumarren Bizkaiko diputatuak. Azaldu duenez, "lurraldetasunaren ardatzean aurrerapenak" egoteari ondo deritzo, baina hauteskunde orokorretan Sumarren alde egin zutenei zor dietelakoan, aldaketa sozial "sakonak" egitea "oinarrizkoa" dela nabarmendu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Yolanda Diaz Sumarren buruak gaur Sanchezekin duen bilerara eramango dituen eskakizunak laburbildu ditu Martinezek. Horien artean, hauek aipatu ditu: lanaldia murriztea, kaleratzeak garestitzea, zaintzaren arloko legea sortzea, trantsizio ekologikoaren arloan emisioak murriztea eta erosketa saskiaren garestitzearen aurrean neurriak hartzea, eta etxebizitzaren arazoari heltzea.
Bestetik, alderdi katalanekin Sumarrek abian dituen negoziazioak hizpide, Martinezek esan du amnistiaren bidea errazteko irizpen bat proposatuko diotela PSOEri. Horren hitzetan, Sumarri "errazagoa" zaio Junts eta ERCrekin hitz egitea, "gure planteamenduak eurengandik hurbilago daudelako Alderdi Sozialistarenak baino".