Politika -
INBESTIDURA
Hauteskunde orokorrak errepikatzea baino "okerragoa" litzateke egonkortasunik ez izatea, Urkulluren ustez
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, "egonkortasuna behar da", baina horrek leialtasunean eta adostutako programa batean oinarritu behar du. Gainera, Feijooren inbestidurako "ikuskizun negargarria" deitoratu du eta EAJren boto-emaileak erakartzen saiatzea leporatu dio PPri.
EITB Media
Itxura guztien arabera, Alberto Nuñez Feijooren inbestidurak porrot egingo du gaurko bigarren bozketan ere, eta, hortik aurrera, Pedro Sanchez presidente izendatzeko behar dituen babesak lortzen saiatuko da. Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, "albiste txarra" litzateke hauteskunde orokorrak errepikatzea, baina "askoz okerragoa" litzateke egonkortasuna bermatu ezin duen gobernu bat osatzea. Hortaz, egonkortasuna lehenesten du balizko hauteskunde errepikapenaren aurrean: "Egonkortasuna behar da, baina ez kosta ahala kosta, leialtasunean eta adostutako programa batean oinarrituta baizik".
Forum Europa-Tribuna Euskadi gunean gaur goizean egin duen agerraldian, Feijooren inbestidurako "ikuskizun negargarria" deitoratu du lehendakariak. Horren esanetan, Feijoo beraren eta PPren intereserako saio bat izan da gizartearen onerako baino gehiago, eta PSOEri berari ere ondo etorri zaio. Halaber, Feijoori bere hitzaldian EAJren boto-emaileak erakartzen saiatzea leporatu dio.
Katalunian ERC eta Junts alderdiek adostu dute Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetuko dutela, baldin eta erreferendum baterako oinarriak ezartzen badira. Proposamen hori Kataluniako Parlamentuari begira egindakoa dela uste du Urkulluk, eta bi alderdiak "lehian" ikusten ditu hauteskunde autonomikoak errepikatzeko aukeraren aurrean.
Berriro lehendakarigai izango ote den galdetuta, EAJren zuzendaritza nazionalari dagokiola prozedura eta egutegia ezartzea erantzun du, eta alderdiak "erabat libre" sentitu behar duela erabakia hartzerako garaian. Ildo horretan, gobernu-programa betetzeko buru-belarri lanean ari dela nabarmendu du.
Euskadin "ezinegon soziala" eta irudi "katastrofista" sustatu nahi direla gaitzetsi du, bere iritziz, batzuek modu artifizialean egin nahi dutena. Testuinguru horretan, kezkatuta agertu da etekin politikoa lortzeko helburuarekin "hodeiz betetako Euskadi" marrazteko ahalegina egiten ari direnekin. "Higadura bilatzen dute onura politikoa lortzeko", gehitu du.
Bestalde, kezkatuta dago populismoek, "arazo konplexuei irtenbide sinpleak eskaintzen dizkieten mugimenduek", gero eta jarraitzaile gehiago dituztelako, "bereziki gazteen artean". Lehendakariaren iritziz, "konponbide sinpleak eskaintzen dituenak ez du egia esaten" eta "itxaropen faltsuak sortzen ditu".
Amaitzeko, eskola-garraioaren gatazkari lotuta bere konfiantza osoa helarazi dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari. Lehendakariak esan du ez dagoela "interes gatazkarik" auzi horretan, baina onartu du gai honekin "arduratsuagoak" izan beharko zuketela eta "interpretazio okerrak" saihesten ahalegindu. Halaber, gogoratu du sailburuak azalpenak eman dituela eta datorren asteazkenean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean agerraldia egingo duela.