Politika -
ESPAINIAKO GOBERNUA
PSOEk ohartarazi du erreferenduma baldintza gisa jarrita ez dagoela "aurrera egiteko aukerarik"
ERC eta Junts alderdiek goizean adostu dute Sanchezen inbestidura ahalbidetuko dutela, baldin eta erreferendum baterako oinarriak ezartzen badira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernu berria osatzeko alderdi independentista kataluniarren eta PSOEren arteko negoziazioak geroz eta gehiago korapilatzen ari dira. Gaur Kataluniako Parlamentuan egin duten Politika Orokorreko Eztabaidan, ERCk eta Juntsek adostu dute "erreferendum baterako oinarriak eta bide-orria" lantzen hastea exijituko dutela, Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko baldintza gisa.
Berehala etorri da sozialisten erantzuna, PSOEk eta PSCk izenpetutako ohar batean. Erreferenduma baldintza gisa jarrita aurrera egiteko aukerarik ez dagoela argi eta garbi esan dute sozialistek, eta elkarrizketa dela bidea nabarmendu dute.
Prozesu independentistak Katalunian eragin zuen "haustura" gainditzeko bide bakarra "bizikidetza, kohesioa eta elkar ulertzea" dela nabarmendu dute testuan, "beti Konstituzioaren barruan".
Halaber, sozialistek azpimarratu dute azken hauteskunde orokorretan "Kataluniako gizarteak, bereziki, eta Espainiakoak, oro har" gobernu aurrerakoi baten aldeko apustua egin zuela. Hala, "duela lau urte hasitako elkarrizketaren eta akordioaren bideari eutsiko dion gobernu aurrerakoi baten" alde lanean jarraitzeko deia egin dute, "etorkizuna elkarrekin eraikitzeko".