Politika -
Espainiako Gobernua
Espainiako erregeak Feijoo hautatu du inbestidurarako
Nolanahi ere, PPko buruak ez du babes nahikorik presidente izateko. Felipe VI.ak esan du "ohitura" dela alderdi bozkatuenaren hautagaia proposatzea inbestidurarako.
EITB Media
Felipe VI.a Espainiako erregeak erabaki du Alberto Nuñez Feijoo (PP) joango dela Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea hautatzeko inbestidura-saiora, Diputatuen Kongresuan.
Prentsa-ohar batean, Errege Etxeak justifikatu egin du Feijoo aukeratu izana, "ohitura" delako inbestidura zerrenda bozkatuenaren buruari agintzea: "XI. Legegintzaldian izan ezik, Konstituzioa indarrean sartu zenetik izandako hauteskunde orokor guztietan talde politiko bozkatuenaren hautagaia izan da inbestidurarako proposatutako lehena. Urteek aurrera egin ahala, praktika hori ohitura bilakatu da".
Erregearen erabakia baieztatu eta gero, Feijook eskerrak eman dizkio, eta "aldaketa, egonkortasuna eta moderazioa nahi dituzten 11 milioi herritarren ahotsa" izatea promestu du, X sare sozialean (Twitter ohia) idatzitako mezu batean.
Lehen aldiz, estatuburuak bi hautagairen artean aukeratu behar izan du. Feijook 172 diputaturen babesa izango du (PP, Vox, CC eta UPN). Pedro Sanchez sozialistak, bere aldetik, erregeari esan dio gehiengo osoa lor dezakeela, duela astebete Kongresuko Mahaia kontrolatzea ahalbidetu zion bozketan gertatu bezala.
Felipe VI.ak bilera-sorta egin du egunotan Zarzuelara joan nahi izan duten alderdiekin, eta arratsaldean Francina Armengol Behe Ganberako presidenteari jakinarazi dio Feijoo izango dela inbestidura lortzen saiatuko den lehen hautagaia.
Nolanahi ere, PPren hautagaiak ez du babes nahikorik presidente izateko. Horrenbestez, litekeena da horren inbestidura saiakerak porrot egitea.