Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Esteban: "Hautagai bakar batek ere ez du EAJren botoa bermatuta"
Buruzagi jeltzaleak argitu duenez, Kongresuko Mahaia osatzeko negoziazioen ostean, ez dute PSOEren "inongo deirik" jaso, eta argi utzi du PSOEri dagokiola "mugimenduak" egitea.
E. G. | EITB Media
Inbestidurarako hautagaia proposatzeko antolatutako bilera sortaren barruan, Felipe VI.a Espainiako erregearekin bildu zen atzo Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailea. Hitzorduaren biharamunean argi utzi du erregeari emandako mezua: "Gaur-gaurkoz, hautagai bakar batek ere ez du EAJren botoa bermatuta". Gainera, ukatu egin du hainbat komunikabidek kaleratutakoa, hautagairik ez proposatzeko eskatu omen ziotela. Azaldu duenez, "guk ez dugu ezertxo ere eskatu, gure iritzia eman besterik ez dugu egin. Egin dezala egoki ikusten duena".
Telefono bidez Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eman dion elkarrizketan, Estebanek argi utzi du, Kongresuko Mahaiaren negoziazioez harago, ez dutela bilerarik egin PSOErekin. "Ez dugu deirik jaso, ez dute fitxarik mugitu", zehaztu du. EAJko kidearen arabera, sozialistei dagokie "mugimenduak" egitea. "Etor daitezela eurak, hortik aurrera hitz egingo dugu", esan du.
PPri buruz, aitortu du 'popularrak' "temati" dabiltzala, eta deitu diotenean, telefonoa hartu diela. Argitu duenez, "hasieratik oso argi utzi genien ez genuela eurekin negoziatuko Vox tartean bazegoen. Ez dugu eurekin hitz egin Mahairako (Kongresukoa), gutxiago inbestidurarako".
Estebanen aburuz, Sanchezentzat "ez da erraza izango" inbestidurarako babesak lortzea, tartean dauden indarrak "oso anitzak" direlako, eta euren artean ere "desadostasunak" daudelako. Horren arabera, "oso oinarrizko eskema bat proposatu beharko du, gutxieneko amankomunak bilduko dituena".
Erregeak har lezakeen erabakiaz galdetuta, Estebanek ez omen du argi zer gertatuko den: "Erlojua martxan jarri nahi duen pentsatu beharko du, zeren gehiengorik ez dago orain".
Azkenik, EAJk Kongresuko Mahaian posturik lortu ez izana deitoratu du: "Interesgarria izango zen, indar nazionalistei agenda mugitzeko bermeak emango lizkielako. Baina, tira, ez da ezer gertatzen".