Politika -

Diputatuen Kongresua

Euskara, katalana eta galegoa gehiago entzungo dira Kongresuan eta EBn ofizial izateko bidean daude

Junts eta ERC alderdiek hizkuntza koofizialen gaineko akordioa itxi dute Francina Armengol sozialista Diputatuen Kongresuko Mahaiko presidente izatearen truke.

Diputatuen Kongresua.
Diputatuen Kongresua.
ERCk Kongresuko Mahairako akordioa iragarri du PSOErekin

1:49

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts per Catalunya eta Esquerra Republicana alderdi katalanek hizkuntza koofizialei (euskara, katalana eta galegoa) buruzko akordioak itxi dituzte ezkerreko blokearen lidergoan dauden PSOErekin eta Sumar mugimenduarekin, Francina Armergol Diputatuen Kongresuko presidente izatea erraztu dezaten eta Mahaian gehiengo progresista eskuratu ahal izateko.

Akordioari esker, hala nahi duten diputatuek euskaraz, katalanez eta galegoz egin ahal izango dituzte hitzaldiak Kongresuko tribunatik. ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek jakinarazi duenez, "lehen osoko bilkuran hasi ahalko dira" diputatuak hizkuntza hauek erabiltzen.

Hain zuzen ere, Mahaiko presidente izendatu berritan, Armengolek argi utzi du euskara, katalana eta galegoa erabiltzen utziko duela ganberan. Bere hitzetan, "benetako Espainiara gehiago hurbiltzeko, aniztasuna islatzera behartuta dago Kongresua".

Bestetik, Europar Batasunak euskara, katalana eta galegoa hizkuntza ofizial gisa onartu ditzala adostea lortu du Junts alderdiak. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak lehen pausoa eman du eta Jose Manuel Albaresek, funtzioetan dagoen Atzerri Gaietarako ministroak, eskutitza bidali dio Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentziari (Espainiaren eskuetan dago seihileko honetan) hizkuntzen araudia aldatu dezala eta hiru hauek ofizial gisa onartu ditzala eskatuz. Eskutitzean irailaren 19an egitekoa den Kontseilu Orokorraren gaietan puntu hau sar dezala eskatzen du.

Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak: zenbat dira eta zertan datza ofizialtasuna?

Albaresek diputatu gisa hartu du parte Gorteen osaketako ekitaldian. Ondoren egin dituen adierazpenetan, jakinarazi du "ez dagoela irregulartasunik eskaera honetan", nahiz eta EBko presidentzia Espainiaren eskutan dagoen gaur egun. Batzordeko eta Kongresuko zerbitzu juridikoekin puntu hau argitu duela gehitu du eta gogorarazi du "hainbat akordio administratiboren ondorioz, Europako erakunde gehienetan hiru hizkuntza hauek dagoeneko erabiltzen" direla.

ERCk eta Juntsek lortutako akordioetan, gainera, beste puntu batzuk ere sartu dituzte. Besteak beste, Bartzelonan eta Cambrilsen duela 6 urte izandako atentatuak ikertzen jarraitzeko batzordea eratuko da eta agintari independentistei egindako espioitzari buruzko Pegasus kasua ikertzeko batzordea berpiztuko dute.

Eskakizun historikoa

Madrilgo Diputatuen Kongresuan hizkuntza koofizialetan hitzaldiak emateko aukera talde nazionalisten aspaldiko eskakizuna da eta sarritan egon da mahai gainean. Gaur gaurkoz, berehala gaztelaniara itzuli behar dituzten mezu motzak soilik zabaldu ditzatekete diputatuek tribunatik Kongresuko araudiaren arabera. Hortik aurrera joaten saiatu diren gehienetan, hitzaldia moztera behartu dituzte eta hitz egiteko txanda ere galdu izan dute.

2022ko ekainean alderdi nazionalistak saiatu ziren ganberako araudiaren puntu hori aldatzen baina proposamenak ez zuen aurrera egin. Bozketa hartan PSOEk aldaketa errefusatu zuen, PPk, Voxek eta Ciudadanosek bezala.

Ondoren, uztailean, Kataluniari buruzko elkarrizketa mahaian lortutako akordioetako baten helburua katalana bultzatzea eta babestea izan zen. Europako Parlamentuari osoko bilkuran katalana erabiltzeko baimena eskatzeko konpromisoaz gain, "ordezkari politikoek beren lana Estatuko hizkuntza guztietan egiteko duten eskubidea zabaltzea" jasotzen zen. Dokumentu hartan "Senatuaren Araudia" berrikusteaz hitz egiten zen, baina ez zen Kongresua aipatu. Hala ere, ordutik ez da urratsik egin Senatuan. 

Uztailaren 23ko hauteskundeek utzitako emaitzak ikusi ondoren, gaia mahai gainera atera dute berriz ere alderdi nazionalisa eta progresistek. Sumar Mugimenduko liderrak, Yolanda Diazek, euskara, katalana eta galegoa erabili ahal izateko araudia aldatzea proposatuko duela iragarri zuen. Espainia "herrialdeen herrialdea" dela, "anitza" eta "askotarikoa", eta "identitate ezberdinek" eskubide berak izan behar dituztela azpimarratu zuen. "Parlamentuak horren isla izan behar" duela adierazi zuen.

Bestalde, Pedro Sanchezek aste honetan iragarri du Europar Batasunean hizkuntza koofizialen erabilera sustatuko duela. Abertzaleek etxetik hasteko erantzun zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Euskaraz Politika PSOE Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak ERC Yolanda Diaz Sumar Mugimendua