Politika -

Kongresua

Juntsek bloke progresistarekin egin du bat Kongresuko Mahaia osatzeko, Sanchezen inbestidura bideratuta utzita

Azkenean, Carles Puigdemonten alderdiak Francina Armengol hautagai sozialista babestu du Kongresuko presidentea izendatzeko bozketan, PSOErekin akordioa lortu eta gero.

Pedro Sanchez, Patxi Lopez eta Francina Armengol, gaur Kongresuan. EFE
Pedro Sanchez, Patxi Lopez eta Francina Armengol, gaur Kongresuan. EFE
Abian da legegintzaldi berria, gehiengo progresista duen Kongresuko mahaiarekin

1:48

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraindik Pedro Sanchezen balizko inbestidura urruti badago ere, hasi berri den legegintzaldi honetako lehen pausoa eman du gaur PSOEk. Izan ere, JxCatek eta ERCk akordioa lortu dute PSOErekin Francina Armengol sozialista Behe Ganberako presidente izateko. EH Bilduk eta EAJk ere hautagai sozialistaren alde bozkatu dute.

Kataluniako alderdiek ohartarazi dutenez, gaurko akordioa Kongresuko Mahairako bakarrik da. Dena dela, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari bidea erraztu diezaioke, balizko inbestidura bati begira.

Gainera, PPk eta Voxek inork aurreikusten ez zuen haustura erakutsi dute Behe Ganberan: Voxek bere hautagaiaren alde egin du Mahaiko presidentea aukeratzeko bozketan, eta, trukean, PPk ez dio babesik eman presidenteordetza bat lor dezan.

Kongresuko Mahaiaren osaketa ez da ia azken unera arte argitu, ERCren eta, batez ere, Juntsen erabakia ezagutu arte. Hemendik aurrera, eta legegintzaldiko bozketa nagusiei begira, Juntsek erabakiko du neurri handi batean gehiengoa eskuinak edo ezkerrak izango duen.

Goizeko lehen orduan, JxCatek iragarri du aurreakordioa lortu duela Alderdi Sozialistarekin Kongresuko Mahaiaren inguruan. Ondoren zabaldutako mezu batean zehaztu duenez, lau puntuko akordioa da. Lehenik, katalana Europar Batasuneko (EB) hizkuntza ofizial gisa aitortzea jasotzen du. Testuinguru horretan, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak modu ofizialean eskatu du gaur, Gobernuaren izenean, euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza erregimenean sartzea. Bigarrenik, katalana eta Estatuko gainerako hizkuntza koofizialak Kongresuan "normaltasun osoz" erabili ahal izatea aurreikusten du, "hurrengo osoko bilkuratik aurrera". Hirugarrenik, Bartzelonako eta Cambrilsko atentatuen inguruko ikerketa batzordea eratzea adostu dute. Azkenik, Estatuko "estolden" inguruko ikerketa batzordea berriro martxan jartzea eta Pegasus auziari buruzko beste bat eratzea hitzartu dute.

ERCk, bere aldetik, iragarri du PSOErekin ituna itxi duela Armengol Kongresuko presidente izendatzeko. Behe Ganberako Mahaiaren inguruko akordioa da soilik, ohartarazi dutenez; hau da, ez da legegintzaldi-akordioa edo Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente hautatzeko ituna. "Hori beste prozesu bat da, beste negoziazio bat", zehaztu dute.

Gabriel Rufian ERCko diputatuak prentsaurrekoan emandako azalpenen arabera, hizkuntza koofizialak Kongresuan erabili ahal izango dira eta Pegasus auziko ikerketa batzordea eratuko dute, euren babesaren truke.

Halaber, Kataluniako "gatazka politikoa desjudizializatzea" ere adostu dute.

Isabel Rodriguez, Juntsekin lortutako akordioari buruz: ''Hautestontzien aginduari erantzun behar zaio''
Isabel Rodriguez, Juntsekin lortutako akordioari buruz: ''Hautestontzien aginduari erantzun behar zaio''
Isabel Rodriguez, Juntsekin lortutako akordioari buruz: ''Hautestontzien aginduari erantzun behar zaio''

0:11

Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko jarduneko bozeramaileak kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan, PSOEk Juntsekin erdietsitako akordioa defendatu du, uztailaren 23an herritarren mandatua "argi eta garbia" izan zela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak