Politika -

U23

Ortuzarrek esan du gai izan behar direla "akatsak zuzendu" eta "kudeatzeko modua berritzeko"

Alderdiaren 128. urteurrenean EAJren presidenteak ziurtatu du "euskal hiritargoari etengabe entzuteko" prozesua hasi behar dutela. "Aldaketa sozialekin batera, aldaketak etorri behar dira diskurtsoetan eta politika publikoen kudeaketan”, gaineratu du.

Ortuzar, Bilboko ekitaldian. Argazkia: EITB MEDIA
Ortuzar, Bilboko ekitaldian
Ortuzar: ''Egin beharreko analisia eta autokritika egin ditugu''

0:53

I.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak esan du gai izan behar dutela, "apaltasunez eta egin beharreko autokritika guztia eginik, akatsak zuzentzeko, inertziak gainditzeko eta kudeatzeko moduak hobetzeko eta berritzeko, bai eta daukagun gizarte poliedriko honekin harremanetan jartzeko orduan ere". 

Gainera, jeltzaleen "ustezko gainbeheraz" hitz egiten dutenei Ortuzarrek ohartarazi die "inork ez dezala zalantza egin, hemen, zutik, eta indarrez" jarraitzen dutela, "herri hau askatasunerantz eramaten duen gida izaten". Halaber, ziurtatu du PP eta Voxen arteko "gobernu atzerakoiari planto egin" ostean, euskal interesen defentsaren "bermea" izango direla "Espainiako hurrengo gobernuaren aurrean".

Alderdiaren 128. urteurrenenean, jeltzaleek ekitaldi politikoa egin dute Bilbon efemeridea gaur ospatzeko, urteurrena berez astelehenean beteko bada ere. Ortuzarrek erantsi duenez, hemendik aurrera "urte betea baino lehen egingo dira Euskadiko eta Europako hauteskundeak. Lehenengo hauteskundeetan egongo dira jokoan euskal gizartea ulertzeko eta eraikitzeko molde ezberdinak, eta besteetan izango dugu jokoan Europan dugun ordezkaritza, gure bizitzan gero eta eragin handiagoa duena".

Bozketa horien ostean, Ortuzarren esanetan, "alderdikideok deituko zaituztegu Alderdiaren Batzar Nagusi berri batetara, Alderdiak lau urterik behin egin ohi duen prozesu berritzailea egin dezagun eta Alderdiaren organo nagusien buru izango direnak aukeratzeko". 

Bestalde, Ortuzarrek ziurtatu duenez, "EAJk Gobernu atzerakoiari planto egin dion moduan, berdin izango da Espainiako hurrengo gobernuaren aurrean Euskadi eta euskal interesak defendatuko dituena. Hau ez da soilik botoen mailaketa kontu bat, kontua baita batez ere gauzak argi baino argiago izatea eta toki eta erakunde bakoitzean eragiteko benetako gaitasuna izatea".

Bilboko Albia Lorategian egin den ekitaldian izan dira Euzkadi Buru Batzarraren burukideak, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Bilboko alkatea eta talde jeltzalearen barne eta herri kargudun ugari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak