Politika -
U23
Zer da CERA botoa eta noiz zenbatuko da?
Hautestontzietan jarritako botoak zenbatu ondoren, ostiraletik aurrera atzerrian bizi diren pertsonen botoa zenbatzen hasiko dira. Barruti batzuetan erabakigarria izan daiteke.
M. D. | EITB Media
Hauteskunde orokorretako boto zenbaketa % 100era iritsi den arren, Kongresuko eserleku batzuk alda daitezke oraindik, CERA eta ERTA botoak zenbatu ostean. Atzerrian bizi diren pertsonen botoa da, eta erabakigarria izan daiteke eserleku batzuen kasuan.
Espainiako nazionalitatea duten eta Espainiatik kanpo bizi diren pertsonek hauteskunde orokorretan bozkatu ahal dute. CERA barruan atzerrian modu iraunkorrean bizi direnak daude, eta ERTAk, berriz, atzerrian aldi baterako bizi direnak.
Martxoaren 1ean, atzerriko 2.325.310 pertsona zeuden errolda horietan izena emanda. Hala ere, talde horretako jendearen parte-hartzea askoz txikiagoa izaten da.
Botoa emateko, atzerrian bizi direnek aldez aurretik hautesle-errolda batean izena eman dute, dagokien enbaxadan edo kontsulatuan. Pertsona horiek uztailaren 20ra arte izan dute botoa kontsuletxeetako bulegoetan emateko, edo bi egun gutxiago postaz bidali badute.
Epea bukatuta, atzerritik bidalitako gutun-azalak eta boto-paperak Kanpo Arazoetako Ministerioaren bulego batera eraman dira hauteskunde-bidalketaren bitartez, baliza diplomatikoan. Handik hauteskunde-batzordeetara bidaliko dira.
Zenbaketa publikoa uztailaren 28tik abuztuaren 1era bitartean egingo da. Zenbait eserlekuren jabetza alda dezakete.