Politika -

U23

Sanchezek ez du bozkak errepikatzea aurreikusten, eta dio "gobernagarritasunaren formula" aurkituko dutela

Buruzagi sozialistak esan du igandeko hauteskundeetatik alderdia indartuta atera dela, 2019an baino bi eserleku gehiago lortu baititu.

Pedro Sanchez alderdi sozialistaren Batzorde Exekutiboan, gaur goizean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez alderdi sozialistaren Batzorde Exekutiboan, gaur goizean. Argazkia: EFE
Poza nagusi Ferrazen: Sanchez gobernagarritasun formula bat aurkitzearen alde agertu da

0:32

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko buruak ez du hauteskundeak errepikatzea aurreikusten; izan ere, alderdiak astelehen honetan egindako Exekutiba Federalean esan duenez, "demokrazia honek gobernagarritasunaren formula aurkituko du", Ferrazeko iturriek adierazi dutenez.

PSOEk bigarren postua lortu bazuen ere, Ferrazen poza da nagusi hauteskunde biharamunean, eta alderdikeek irribarrez eta "presidentea, presidentea" oihuen artean hartu dute Sanchez.

Garaipena lortu ez, baina azken Hauteskunde Orokorretan baino bi eserleku gehiago (122ra arte) eskuratu ditu alderdi sozialistak, are gehiago, Juntsen babesa izanez gero gobernatzen jarrai lezake.

Alderdiko buruzagitzaren aurrean Sanchezek nabarmendu du 11 milioi pertsonak "aurrerapausoaren" alde bozkatu zuela atzo, ezkerraren alde, eta "inboluzioari eta atzerapausoei ezezko biribila" eman ziotela Espainiako herritarrek, PPri eta Voxi erreferentzia eginez.

Uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorrek atea itxi diote, beraz, eskuinaren balizko gobernuari, eta bi aukera baino ez dituzte utzi mahai gainean: gobernu progresista osatzea berriz edo hauteskundeak berriz egitea. Azken aukera hori, baina, ez du aurreikusten Sanchezek.

Ikusteko dago zein bide hartzen duten alderdiek, baina blokeo egoera askatzea JxCat alderdiaren esku egongo da. Ildo horretatik, Carles Puigdemonten alderdiak bi aukera izango ditu mahai gainean: gobernua bloke progresistari ematea edo hauteskundeak berriz egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak