Politika -
CIUDADANOS
Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruzagi ohiak politika utzi du maiatzaren 28ko hauteskunde porrotaren ostean
Alderdi laranjak uztailaren 23ko hauteskundeetara ez dela aurkeztuko adierazi eta biharamunean iragarri du politika uzteko erabakia.
EITB Media
Ciudadanos alderdiko buruzagi izandako Ines Arrimadasek politika utzi duela iragarri du, bere alderdiak maiatzaren 28ko hauteskundeetan jasandako porrotaren ostean.
Erabakia azaltzeko prentsaurrekoan adierazi duenez, politikan egindako ibilbideari amaiera ematea erabaki du: "Politika pertsonen bizitzaren etapa bat baino ez da, eta etapa guztiak hasi eta amaitu egiten dira".
Ines Arrimadasek politika utziko duela iragarri du, hain zuzen ere, Ciudadanoseko zuzendaritzak uztailaren 23ko hauteskunde orokorretara ez aurkeztea eta "organikoki eta intelektualki" berrabiatzeko prozesua hasiko duela iragarri eta biharamunean. Hain zuzen ere, U23an zerrendarik ez aurkeztea defendatu duen alderdikideetako bat izan da, eta gaurko prentsaurrekoan ere horren alde agertu da.
M28ko hauteskundeetan emaitza oso txarrak izan ditu Ciudadanosek, eta hainbat gobernutan dituen posizio estrategiko bakanak galdu ditu. Besteak beste, Begoña Villacis Madrilgo Udaletik kanpo geratu da —alkateordea izan da han—, eta Patricia Guasp alderdiaren eledunak ere ez dio eutsi Balearretako Gobernuan izan duen eserlekuari.
2019ko amaieran hartu zuen Ciudadanosen buruzagitza, Albert Riverak dimisioa eman ondoren, eta karguan jarraitu du Patricia Guaspek aurtengo urtarrilean hauteskunde primarioak irabazi arte.