Politika -
HAUTESKUNDE AURRERAPENA
Podemos eta Sumar uztailaren 23ko hauteskunde orokorretara elkarrekin aurkezteko lanean ari dira
Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri ostean, asteazkenetik aurrera 10 eguneko epea zabalduko da koalizioak osatzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Podemos alderdia eta Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak gidatzen duen Sumar plataforma lanean ari dira uztailaren 23ko Espainiako hauteskunde orokorretara koalizioan aurkeztu ahal izateko.
Alderdiaren egoitzatik egin duen galderarik gabeko adierazpen instituzional batean, Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak Yolanda Diazekin akordioa lortzeko borondatea agertu du, orain arte izan dituzten desadostasunak atzean utzita.
Maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzen ostean, Yolanda Diazen Sumar plataformarekin bat egiteko erabakia hartu du Podemoseko zuzendaritzak. Dena dela, ez dute akordioa lortzeko tarte handirik; izan ere, asteazkenetik aurrera 10 eguneko epea zabalduko da koalizioak formalizatzeko.