Politika -

HAUTESKUNDE AURRERAPENA

Pedro Sanchezek uztailaren 23rako deitu ditu Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratu dituela iragarri du Moncloatik egin duen adierazpen instituzional laburrean, eta hauteskunde deialdia asteartean argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean. Hortaz, gobernuburuak bere gain hartu du PSOEren atzoko hauteskunde porrota.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea Moncloatik egin duen agerraldian.
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea Moncloatik egin duen agerraldian.
Sanchezek hauteskunde orokor aurreratuak deitu ditu uztailaren 23rako

0:32

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Espainiako hauteskunde orokorrak deitu ditu uztailaren 23rako, PSOEk atzoko udal eta autonomia hauteskundeetan emaitza txarrak lortu ondoren. Gobernuburuak bere gain hartu du hauteskunde porrota, eta, hortaz, urte amaierarako aurreikusten ziren hauteskundeak udan egingo dira.

Sanchezek bi minutu inguruko adierazpen instituzionala egin du, 11:00etan, Moncloatik, eta Espainiako Gorteak desegin eta hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri du.

Agerraldian azaldu duenez, Ministroen Kontseilua deitu du 16:00etarako, gorteak desegin eta hauteskunde prozedura abiatzeko.

Eta bihartik aurrera, zer?

Espainiako Konstituzioak ezarritako epeen arabera, gaurko Ministroen Kontseiluak Gorteak desegiteko dekretua onartuko du, eta, ondoren, Espainiako erregeak sinatu beharko du. Hauteskunde-deialdia bihar argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean, BOEn, eta egun bat geroago sartuko da indarrean. Hortaz, Diputatuen Kongresua eta Senatua asteazkenean desegingo dira. 

Igandean Espainiako Estatuan egin diren udal eta autonomia hauteskundeetan, PP izan da alderdi politiko bozkatuena, eta PSOEk gobernatzen zituen hamar autonomia erkidegotatik seitan gobernatu ahal izango du. PSOEk bere gotorleku izandako autonomiak galdu ditu: Valentzia, Aragoi, Balear Uharteak eta Errioxa, besteak beste. Halaber, Kanarietan eta Extremaduran lehen indarra izan bada ere, eskuinaren batuketak agindu ahalko du. Horrela, mapa politikoa goitik behera irauli da, eta lehen kolore gorria zena urdin bihurtu da.

Iragarpenak erreakzio soka luzea eragingo du. Hitz egiten lehenetako bat Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Sumar plataformako burua izan da. Horren esanetan, atzo hautetsontzietan herritarrek eman duten mezua "oso argia" izan da, eta gauzak "beste modu batera" egin behar dira, "distrakziorik gabe". Horren arabera, uztailaren 23an irabazteko erronka bere gain hartzen du, eta gaurtik hasita "Feijooren Espainia beltzari" aurre egiteko lan egingo du.

Atzoko hauteskundeen oihartzuna oraindik isildu ez denean, alderdi politikoak pixkanaka Espainiako hauteskunde orokorretara begira jarriko dira orain. Ikusi egin beharko da hauteskunde ziklo berriak zer-nolako eragina izan dezakeen udalak eta tokiko erakundeak eratzeko negoziazioetan.

2019ko azaroan egin ziren azken hauteskunde orokorretan, PSOE izan zen garaile, botoen % 28 eta 120 eserleku eskuratuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak gaur