Politika -

Kongresua

EAJk, PDeCATek eta Juntsek etxebizitza legearen kontra bozkatu dute "autogobernuaren defentsa" egiteko

Kataluniako bi indar nazionalisten bozeramaileak ondoan zituela, Aitor Estebanek azpimarratu du ez dutela ulertzen "independentistak direla dioten bi indarrek Espainiako Gobernuari alfonbra gorria" jartzea berez erkidegoena den eskuduntza batean.

Esteban (erdian), Nogueras (eskuinean) eta Bel (ezkerrean), agerraldian. Kongresua
Esteban (erdian), Nogueras (eskuinean) eta Bel (ezkerrean), agerraldian.
Estebanen arabera, etxebizitza legea onartezina da autogobernuaren ikuspuntutik

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, PDeCAT eta Junts talde parlamentarioek gaur Kongresuan bozkatu den etxebizitza legearen kontra egin dute, EAEko eta Kataluniako "autogobernuaren defentsan" hirurek komunean duten jarrera berresteko. Izan ere, onartzekoa den legeak "konpetentziak urratzen" dituela uste dute. Legea Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeelakoan, Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera mahai gainean jarri dute.

Aitor Esteban, Miriam Nogueras eta Ferran Bel hiru talde nazionalisten bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute lehen bozketen txanda amaituta, hots, eguneko gai ordenaren lehen bi puntuak eztabaidatzen bukatu eta gero. 

EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak "subiranistak eta independentistak" direla dioten ERCri eta EH Bilduri aurpegiratu die etxebizitza legeari emandako babesarekin "Estatuko Gobernuari alfonbra gorria" jartzea.

Halaber, Estebanek uste du legeak ez duela balioko alokairuen prezio igoera "2024tik aurrera" geldiarazteko. Gaineratu duenez, EAJk arrazoi juridikoak eman ditu "eskumenen inbasioa" dagoela arrazoitzeko eta beste alderdi batzuek, ostera, ez dute gezurtatu eta argudio juridikorik eman.

Juntseko bozeramaileak ere araua errefusatu du, horren esanetan, eskumenak inbaditzen ez dituelako eta "etxebizitzaren arazo handia" konpontzen ez duelako. Horrez gain, testuak ez duela ez "segurtasun juridikorik" eskaintzen eta ezta "etxebizitza duina bermatzen" ere azpimarratu du.

Bestalde, PDeCATeko eledunak esan du PSOEk eta Unidas Podemosek erkidego batzuetan "porrot" egin badute ere, "Kongresuan onartutakoaren bidez" etxebizitzaren merkatuan esku hartu ahal izango dutela.

Orain arte, gaurko bozketan egin behar zuena argitu gabe zeukan EAJk. Jeltzaleek abstentziora jo zuten, duela astebete, Kongresuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Batzordean legearen irizpenean. Aurrez, baina, proiektuak EAEko eskuduntzak urratzen zituela salatu zuen Aitor Esteban EAJk Behe Ganberan duen bozeramaileak. 

Gaurko osoko bilkuran, Iñigo Barandiaran diputatua kexu agertu da legeak "bere eskumenak gainditzen dituelako eta autonomia erkidegoenak inbaditzen dituelako". Halaber, esan du ez dela espero zuten "aterkia".

Espainiako Gobernuak EH Bildu eta ERC taldeekin adostutako legearen arabera, autonomia erkidegoek etxebizitza alorrean tentsionatutako guneak izendatu ahalko dituzte. Kasu hauetan izendatu ahalko dira eremuok: batetik, alokairuagatik ordaindutakoa (prezioa + oinarrizko gastuak) edo etxebizitza maileguaren prezioa familien batez besteko errenta baino % 30 handiagoa bada; bestetik, bost urtean etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioa KPIa baino bost puntu baino altuagoa bada. 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza JxCat azken ordua