Politika -
Aberri Eguna 2023
Ortuzarrek bozkatzera deitu du M28an, "aberrigintza Udaletatik eta Aldundietatik ere egiten delako"
Bestalde, euskal autogobernuaren defentsa sutsua egin du Iñigo Urkullu lehendakariak jendez lepo zegoen Bilboko Plaza Berrian, "herri gisa dugun nortasunaren adierazpen argia delako".
EITB MEDIA
2023ko Aberri Egunaren harira, igande honetan EAJk Bilboko Plaza Berrian eskainitako hitzaldietan maiatzeko hauteskunde-hitzordua bereziki izan du mintzagai. Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruaren hitzetan, "emaitza onak ateratzen baditugu, beste maila bat igoko dugu Euskadiren askatasuna lortzeko eskaileran". Hori dela eta, datorren maiatzaren 28ean izango diren udal eta foru hauteskundeetan EAEko herritarrak bozkatzera deitu ditu, "aberrigintza Udaletatik eta Aldundietatik ere egiten delako".
Ehunka alderdikide, jarraitzaile eta afiliatu bildu dira igande honetan Bilboko Plaza Berrian Euzko Alderdi Jeltzaleak egindako Aberri Egunaren ospakizunetan. Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du, euskal autogobernuaren defentsa irmoa eginez, "herri gisa dugun nortasunaren adierazpen argia delako".
Aurtengo Aberri Egunaren hitzaldietan, maiatzeko hauteskundeak ardatz izan ditu Andoni Ortuzar burukideak. Haren esanetan, "2023ko Aberri Egun honetan, Euskal Aberriaz hitz egitea da hurrengo udal eta foru hauteskundeez eta Nafarroako hauteskundeez hitz egitea". "Euskadi behetik gora eraikitzen delako, Udaletatik, Batzar Nagusietatik. Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira, legitimitate berezia dutenak", esan du.
"Emaitza onak ateratzen baditugu, hurbilago egongo gara gure helburutik, beste maila bat igoko dugu Euskadiren askatasuna lortzeko eskaileran. Alkate abertzale gehiagorekin, batzarkide abertzale gehiagorekin, ahaldun nagusi abertzale gehiagorekin, zalantzarik ez dago Euskadik nazio gisa aurrera egingo duela", aurreratu du.
M28ko datarekin lotuta, alderdi politiko batzuk egiten dituzten "transformismo-ariketak" kritikatu ditu Ortuzarrek, "jendeari iruzur egin nahian". "Palestinoa, polarra eta motozerra-orrazkera armairuan sartu eta diseinuko jakak eta markako elastikoak janzten dituzte eta inoiz hutsik egin ez izanaren aurpegia jartzen dute. Kontuz ibili transformista horiekin. Barrutik betiko berberak dira. 'Mani'koak dira horiek, Armaniz jantzita joan arren. Memoria izan dezagun!", ohartarazi du EBBko buruzagiak.
Nazioarteko egoera ere hizpide izan du Ortuzarrek, eta Ukrainako inbasioaren aurrean Europar Batasunak izandako jarrera. "Askotan gogorrak gara eraikitzeko bidean dagoen Europa honekin. Ez da guk nahiko genukeena, ezta Agirre lehendakariak edo Javier Landaburuk hain erromantikoki pentsatu zutena ere, Euskadi bezala Estaturik ez duten errealitate nazionalekin bat egiten ez duelako. Hori horrela da, baina egia ere bada Europa dela mundu osoko askatasun-, giza eskubideekiko errespetu- eta gizarte-justizia-esparrurik handiena", txalotu du.
"Defendatu, babestu eta garatu beharreko euskal autogobernua"
Aurretik, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du utzi jendez lepo zegoen Plaza Berriko agertoki gainean. "Nortasun propioa dugu, mundura irekia eta Europaren baitan garatu nahi duguna", hasi du. Eta erantsi du euskal autogobernua dela "herri gisa dugun nortasunaren adierazpen argia. Autogobernuak islatzen du nortasuna zaintzeko, ongizatean eta bizikidetzan aurrera egiteko eta komunitate politiko bereizi eta berezi bat eraikitzeko modu bat. Hori defendatzea, babestea, garatzea, berritzea, aurrera egitea eta proiektatzea da gure konpromisoa".
Bestalde, Euskadik nazioartean duen protagonismoa ere azpimarratu du lehendakariak. "Nazio Batuen Erakundean, 2030 Agendarekin eta munduko erakunde horrek Euskadin izango duen egoitza berriarekin; Europako Batasunaren barruan, non 72 saretan lan egiten dugun; Arku Atlantikoaren Batzordea eta Pirinioetako Lan-Elkargoa lideratuz; bai eta Euro -Erregioan ere, Nafarroa eta Iparralderen eskutik lan eginez", aipatu ditu.
Aldi berean, lehendakariak gogora ekarri duenez, Euskadik "bost herrialdetan lideratzen du Ardatz Atlantikoko Makro erregioa eratzeko proposamena, Europako agendan gure zentraltasunari eusteko eta Europako erakundeetan parte hartzeko aukera bultzatzeko Europan legegintza-gaitasuna duten beste hamasei erregiorekin batera, subsidiaritate printzipioan oinarritutako maila anitzeko gobernantza aldarrikatzen".