Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Hector Gomez izango da Industria, Komertzio eta Turismo ministro berria, eta Jose Manuel Miñones Osasunekoa

Reyes Marotoren eta Carolina Dariasen lekukoa hartuko dute. Bi horiek maiatzaren 28ko hauteskundeetan hautagai izango dira, eta utzi egingo dute ministro kargua. Datorren asteartean egingo dute karguen zina ministro berriek, eta egun horretan egingo den Ministroen Kontseiluan parte hartuko dute.

Pedro Sánchez, en una imagen de archivo. Foto: EFE
Pedro Sánchez, en una imagen de archivo. Foto: EFE
Hector Gomez eta Jose Manuel Miñones izango dira Industria, Merkataritza eta Turismo eta Osasun ministroak

1:06

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi aldaketa iragarri ditu Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bere exekutiboaren organigraman. Hector Gomez izango da Industria, Komertzio eta Turismo ministro berria, eta Jose Manuel Miñones Osasunekoa. Hain zuzen, Reyes Marotoren eta Carolina Dariasen lekukoa hartuko dute, egungo ministro bi horiek maiatzaren 28ko hauteskundeetara aurkeztuko baitira eta, ondorioz, ministro kargua utzi beharko baitute. Maroto PSOEko zerrendaburua izango da Madrilgo alkatetzarako lehian, eta Carolina Darias, Las Palmaserakoan.

Moncloa Jauregian egin duen agerraldi batean iragarri ditu aldaketok Sanchezek, eta, bertan, Marotok zein Dariasek azken urteotan egindako lana eskertu du. Lehenak "Espainiako industriari" emandako bultzada eta bigarrenak pandemiaren kudeaketan egindako lana azpimarratu ditu.

Politikagintzan aritutakoak dira bi ministro berriak ere. Gomez Marotoren lantaldeko kidea da, eta Kongresuan sozialisten eledun lanetan aritu zen 2021eko irailetik 2022ko uztailera (Patxi Lopezek hartu zuen haren lekukoa). Miñones, Farmazian lizentziaduna, bere aldetik, Espainiako Gobernuko ordezkaria izan da Galizian.

"Bi ministro berriek oso ondo ezagutzen dituzte kudeatuko dituzten lan esparruak. Esperientzia eta ezagutza dute biek... bi zerbitzari publiko bikain dira, eta ibilbide ezin hobea eta interes orokorraren defentsarekiko konpromisoa dute", esan du Sanchezek.

Felipe VI.a Espainiako presidenteari jakinarazi ondoren egin ditu publiko izendapenak Sanchezek. Ondo bidean, datorren asteartean egingo dute karguen zina, Zarzuela Jauregian, eta egun horretan bertan egingo den Ministroen Kontseiluan parte hartuko dute.

Sanchezek legealdi honetan bosgarren aldiz egin ditu aldaketak Gobernuan. Oraingoan, bi gizonezkok hartuko dute bi emakumezkok utziko duten lekua, baina, halere, emakumeen kopuruak handiagoa izaten jarraituko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak