Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Mendiaren ustez, "bai bakarrik da bai" legea ona da, "baina nahi ez den efektua zuzendu behar da"

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, besteak beste, Enplegu eta Lan sailburuak gogoratu du espero baino langabezia-tasa hobearekin itxi zela 2022a, baina etorkizunari begira zuhurra izatea gomendatu du.

Idoia Mendia, Radio Euskadin.
Idoia Mendia, Radio Euskadin.
Idoia Mendia, Radio Euskadin.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta PSE-EEko idazkari nagusi ohiak gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "bai bakarrik da bai" legea "positiboa da, ona", baina "gertatu den nahi gabeko eragina zuzendu behar dugu", sexu-delitugileei ezarritako zigorrak murrizteari erreferentzia eginez.

Azaldu duenez, legeak "nahi gabeko eragina izan du", hau da, "zigorrak murriztea", eta hori "ez zen" bere helburua. Gogoratu duenez, helburua zen "batez ere, gertatzen diren kasu guztiak zigortu ahal izatea, erruaren zama emakumeari egotzi gabe".

Ildo horretan, azpimarratu du auzitegiek ez dutela aintzat hartu legearen hitzaurrea aldatu izana, "eta horrek markatzen zuen arauaren interpretazioa legearen borondatea zein zentzutan joan behar zen". Hala, horri aurre egiteko asmoz, Mendiak gaineratu du sortutako arazo horiei aurre egiteko "formulazio bat" bilatzen ari dela Gobernua, "umiltasunetik".

Halaber, Mendiak beste gai batzuk jorratu ditu, hala nola Ukrainako lurralde osotasunari eta "demokrazia liberalari" eusteko premia, eta, horregatik, gatazka gunera tankeak bidaltzeko erabakia defendatu du.

Bestalde, lehendakariordeak ziurtatu du Gasteizen planteatutako migratzaileentzako zentro berriaren auziak ez duela Eusko Jaurlaritzaren koalizioan tirabirarik eragin, eta gogoratu du errefuxiatuei harrera egiteko politika Espainiako Gobernuaren eskumena dela.

Langabeziaren datuei dagokienez, Euskadin 2022an % 8,66ko tasarekin itxi zena, Mendiak esan du zuhurra izatea gustatzen zaiola, baina urtea ondo joan dela uste du. Hala ere, zuhurtziaz jokatzea gomendatu du, hilabete txarrak egon daitezkeelako, "baina horrek ez du esan nahi etorkizuna txarra izango denik".

Horren harira, Enplegu eta Lan sailburuak konfiantzazko mezua zabaldu nahi izan du, "gobernuok gertatzen denari adi gaudelako, eta eragile sozial eta ekonomiko guztiekin akordioak bilatzen ditugulako familiak babesteko eta kalitatezko enplegua sortzen jarraitu ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Tratu txarrak Espainian Delituak Idoia Mendia PSE-EE albisteak Eguneko albisteak Albisteak