Politika -

2022ko balantzea

Sanchezek baztertu egin du "Bai bakarrik da bai" Legea berritzea

Espainiako presidentearen esanetan, auzitegiak dira orain lege hori behar bezala erabili behar dutenak.

Espainiako presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Espainiako presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Espainiako presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako presidente Pedro Sanchezek astearte honetan esan du "Bai bakarrik da bai" Legeak ez duela zigorra automatikoki murriztu behar, alegia, kasuan kasuko egoerak aztertu behar direla, Auzitegi Gorenak Arandina auziaren berrikuspenaren inguruan emandako epaia hizpide. Hori horrela, baztertu egin du araua berritzea, eta argi utzi du auzitegiak direla orain lege hori behar bezala aplikatu behar dutenak.

"Fiskaltzak ere eman zuen horren berri, eta bat gatoz esandakoarekin", adierazi du Moncloatik emandako prentsaurrekoan, non 2022ko balantzea egin duen.

Bestalde, azaldu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gaur arratsaldean akordioa erdietsiko balu, sistema aldatuko lukeen lege proposamena aurkezteko premia ez litzatekeela hainbesterainokoa izango.

Edozelan ere, azpimarratu du demokrazia garaian ez dela sekula Botere Judizialean gertatu den blokeoaren antzekorik izan, eta, beraz, horrek arrazoitu lezakeela zenbait aldaketa egitea, "etorkizunean berriro ere horrelakorik gerta ez dadin".

Halaber, Konstituzioaren aldeko aldarrikapena egin du, Moncloan zein oposizioan beti errespetatu izan duela iritzita. PPren buruzagi Alberto Nuñez Feijoori ere Konstituzioa errespeta dezala eskatu dio.

Espainiak ez du hutsik egingo

Gaia aldatuta, Sanchezek ziurtatu du Europak asko espero du Espainiako Presidentetzatik. Zentzu horretan, hitzeman du ez dutela hutsik egingo.

Azkenik, Feijoori buruz esan du bederatzi hilabete daramatzala alderdia zuzentzen, eta "Parlamentua isilarazi" besterik ez duela egin. "Gainontzean, Pablo Casadoren oposizio bera egiten ari da", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Delituak albisteak Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Pedro Sánchez argazkiak Gaurko azken orduko albistea Mundu matxista Sexu erasoak