Politika -
Kirolaren Legea
Pilotako eta surfeko euskal selekzioak ofizialki lehiatu ahalko dira nazioarte mailan
Kirolaren Legeak EAJk eta PSOEk adostutako zuzenketa bat jasoko du; horren bidez, lehen aldiz, "sustraitze historiko eta sozialeko kiroletako" euskal selekzioak aitortuko dituzte. Asteartean eztabaidatu dute, Kongresuan, Kultura eta Kirol Batzordean.
EITB MEDIA
Pilotako, surfeko eta, adostutakoaren arabera, "sustraitze historiko eta sozialeko" beste kirol batzuetako euskal selekzioak ofizialki lehiatu ahalko dira nazioarte mailan, Diputatuen Kongresuan Kirolaren Legea onartzen dutenean. Lege hori Beheko Ganberan eztabaidatu dute, asteartean, Kultura eta Kirol Batzordean, eta EAJk eta PSOEk adostutako transakzio zuzenketa bat jasoko du; horren bidez, lehen aldiz, kirol batzuetako euskal selekzioen ofizialtasuna aitortuko dute.
Zuzenketak (Batzordean onartu dute) aitortzen du autonomia erkidegoetako selekzioek ofizialki nazioarte mailan lehiatzeko duten eskubidea; hori bai, baldin eta baldintza hauetakoren bat betetzen bada: kirolak autonomia erkidegoan "sustraitze historikoa" izatea, edo erkidego mailako federazioa Espainiako Federazioa baino lehen izatea Nazioarteko Federazioan. Euskal pilotak lehen baldintza betetzen du, eta surfak, aldiz, bigarrena.
EAJk zuzenketa onartzea eskatu zuen legea babesteko, eta, gainera, 2020ko urtarrileko inbestidura akordioan agertzen diren puntuetako bat da.
EH Bilduk, bere aldetik, azaldu du ez zuela zuzenketa hitzartuko, kontuan izanik horrek ez zuela argi zehazten zein kiroli eragiten dien, eta, halaber, ez duela euskal selekzio guztien ofizialtasuna aitortzen. Dena dela, zuzenketaren aldeko botoa eman du.
Zuzenketak, testuan, autonomia erkidegoren batean "sustraitze berezia" duten kirolak aipatzen ditu, kirol horiek zeintzuk diren zehaztu gabe; berez, pilotari eta surfari eragiten die. Pilotako Euskal Federazioak, berez, estatutuetan, jasota du betoa duela nazioarte mailan ofizialki lehiatzeko; hortaz, hori ere aldatu beharko dute.
Selekzioak, nolanahi ere, autonomia erkidegokoak izan beharko dira; hau da, EAEk eta Nafarroak ezingo dute izan pilota selekzio bakarra.
Zuzenketak, halaber, zehaztu egiten du nazioarte mailako txapelketetan parte hartzeko, "dagokion Nazioarteko Federazioak parte-hartze hori bideratu beharko" duela.
Bozketa egin aurretik, Joseba Agirretxea EAJko diputatuak kokatu du transakzio zuzenketa "ez soilik politikoa, baizik eta kirolaren eta gizartearen arloetakoa ere den" aldarrikapenaren testuinguruan. Esan duenez, "lehen urratsa da, ez azkena", eta adierazi du legeak, EAJk eta PSOEk adostutako zuzenketarekin, "bi bat ireki egiten" duela.
EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak, bere aldetik, deitoratu du aitortza bakarrik kirol batzuetarako izatea: "Pilota edo sokatira bururatzen zaizkit", esan du, eta gaitzetsi du beste kirol batzuk, futbola kasu, zuzenketatik at geratzea.
Ortuzar: "Egun historikoa da"
Prentsaurrekoan, astearte arratsaldean, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du bere alderdiak lortutakoa "historikoa" dela, "lehen pausoa, ofizialtasunerako bidean"; gogora ekarri duenez, pilotako eta surfeko selekzioek "erabat argi" dute bide hori.
Lider jeltzalearen esanetan, euskal selekzioetako ofizialtasuna herritarren gehiengo zabalak babesten du. Pilotako Euskal Federazioak gogorarazi duenez, "sustraitze historikoaren baldintza" guztiz betetzen du, eta Surfeko Federazioa, aldiz, Espainiako Federazioa baino lehen zegoen Nazioarteko Federazioan; hortaz, beste baldintza hori betetzen du.
EAJren helburua da, nolanahi ere, Ortuzarrek esan duenez, euskal selekzio guztiak ofizialak izatea. Orain lortutakoarekin, baina, oso pozik azaldu da, eta pilotako eta surfeko arduradunak zoriondu ditu.