Politika -

PSOE

Adriana Lastra PSOEren idazkariordeak dimisioa eman du

Alderdi Sozialistak ohar batean jakinarazi duenez, buruzagi sozialistak arrazoi pertsonalak argudiatu ditu. "Lasaitasuna eta atsedena" behar dituela adierazi du, eta laneko baja luzea hartu duela.

Lastra, Kongresuan, artxiboko argazki batean. EFE
Lastra, Kongresuan, artxiboko argazki batean.
Lastra, Kongresuan, artxiboko argazki batean. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adriana Lastrak PSOEko idazkariorde nagusi kargua utzi du astelehen honetan, eta bere egoera pertsonalari egotzi dio erabakia; izan ere, buruzagi asturiarra haurdun dago, eta "lasaitasuna eta atsedena" behar dituela adierazi du.

"Azken hilabeteetan aldaketa garrantzitsuak gertatu dira nire bizitza pertsonalean, lasaitasuna eta atsedena eskatzen dizkidatenak, eta, azken bi asteetan, oraindik denbora batez luzatuko den baja hartzera behartu naute", adierazi du Pedro Sanchezen bigarrenak ohar baten bidez.

Buruzagi astuariarrak azaldu duenez, bere egungo egoeran, atsedena eta zaintza behar ditu, eta horiek ezin dira uztartu alderdiaren zuzendaritzak eskatzen duen intentsitatearekin. Horregatik, "dimisioa aurkeztu dut Espainiako Langile Alderdi Sozialistaren idazkariorde nagusi gisa", gaineratu du.

Lastrak eskerrak eman dizkie alderdiari, Batzorde Exekutibo Federaleko kideei eta Ferrazeko langileei. "Zaila da alderdiaren alde horrenbeste lan egiten duten pertsonekin topo egitea", nabarmendu du, eta gehitu du "harro" dagoela, "eurekin alderdia beti esku onetan egongo baita".

Eskerrak eman dizkie, baita ere, afiliatu eta militante sozialistei. "Zerbait izan banaiz, alderdi honetako militantea izan naiz eta izango naiz. Pribilegioa izan da zuen idazkariorde nagusia izatea eta, ohorea izan da zuen kidea izatea, Alderdi Sozialistako kide maiteok", adierazi du.

Lastraren dimisioa alderdi sozialistarentzat une zail batean gertatu da; izan ere, Andaluziako hauteskundeetako emaitza oso txarra izan dute, eta, gainera, zenbaitzuek bozeramaileen erreleboa eskatu dute.

Iragarpenaren ostean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alderdian egindako lana eskertu dio Lastrari: "Adriana Lastra maitea, sozialista eredugarria zara. Urte hauetan guztietan izan duzun konpromisoari esker, aldaketa posible izan zen PSOEn eta Espainian. Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu", idatzi du bere Twitter kontuan.

Isabel Rodriguez Gobernuko bozeramaile eta Lurralde Politikako ministroak dimisioa alderdi barruko kontuetatik bereizi du. "Argi eta garbi utzi du, arrazoi pertsonalak dira, eta zuek aurreko astean ikusi zenuten Gobernua zertan cabilen, PSOE zertan dabilen, Espainiako ekonomiari erantzuna ematen", esan du ministroak TVE katean egin dioten elkarrizketa batean.

Fernando Grande-Marlaskak, bestalde, Lastrak egin duen "ohiz kanpoko lana" aitortu nahi izan du: "Nire maitasun oso, laguna dudan Adriana Lastrari", adierazi du.

Pedro Sanchezek PSOEren lidergoa berreskuratzeko 2017ko primarioetan parte hartzeko erabakian garrantzia handia izan zuen Lastrak, eta funtsezko papera bete zuen hautagaiaren kanpainan.

2018an, Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu ondoren, Sozialisten Talde Parlamentarioko bozeramaile izendatu zuten, Margarita Robles ordezkatuz. 2021eko irailaren 8an, berriz, Hector Gomez Hernandezek ordezkatu zuen, eta orduan Ferrazeko alderdiaren zuzendaritzan sartu zen, orain, dimisioa eman duen arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Sozialista Espainia Pedro Sánchez albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak