Politika -
Espainiako monarkia
Diputatuen Kongresuko zerbitzu juridikoek erregearen bortxaezintasuna mugatzea errefusatu dute
Horrela, EAJren lege proposamena atzera botatzea eskatu dute. Konstituzioak ezarritako erregimen juridikoaren aurkakoa dela argudiatu dute letraduek. Hala ere, zerbitzu juridikoen txostena ez da loteslea, eta Kongresuko Mahaiaren eskuetan dago.
Agentziak | EiTB Media
Diputatuen Kongresuko letraduek erregearen bortxaezintasuna mugatzeko EAJren lege proposamena atzera bota dute. Konstituzioak ezarritako erregimen juridikoaren aurkakoa dela argudiatu dute.
Kongresuko abokatuek idatzian azaldu dutenez, lege proposamenak "Koroaren funtsezko osagaientzako Konstituzioaren erreserba inbaditzen du, Estatuburuaren bortxaezintasunaren erregimen juridikoaren kontrako araudia garatu nahi duelako".
EAJren proposamenak Kongresuko zerbitzu juridikoekin tupust egin du, Compromisen eta Mas Paisen lege bereziari gertatu bezala. Letraduen txostenaren arabera, "Koroaren funtsezko osagaiak" ezin dira lege proposamen baten bidez arautu. Hau da, aldatu nahi badira, bakarrik Konstituzioaren erreforma baten bitartez egin daiteke.
Zerbitzu juridikoen txostena ez da loteslea, eta Kongresuko Mahaiaren eskuetan dago. Ekimena tramitatu ala ez erabakiko du astearte honetan, bileran.
Nahiz eta PSOEk eta Unidas Podemosek Ganberako gobernu organoan gehiengo izan, Estatuburuaren inguruko gaietan boto ezberdina eman ohi dute; izan ere, sozialistek zerbitzu juridikoekin bat egiten dute, PPrekin eta Vox ultraeskuineko alderdiarekin batera.