Politika -
Espioitza auzia
Villarejo auzian Iberdrola inputatzea errefusatu du Auzitegi Nazionalak, "oinarririk gabekoa" delakoan
Vilarejoren agendaren arabera, Iberdrolak komisario ohia kontatratu zuen Florentino Perez ACSko presidentea espiatzeko. Iberdrolako energia berriztagarrien eskumendeko enpresa, ordea, inputatuta dago jadanik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Manuel Villarejo komisario ohiarekin lotuta, ikertzen ari diren enpresen auzian Iberdrola pertsona juridiko gisa inputatzea errefusatu du Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak. Ibedrolako energia berriztagarrien eskumendeko enpresa, ordea, inputatu zuten dagoeneko.
Ostiral honetan izandako autoan, Auzitegi Nazionaleko Instrukziozko 6. Epaitegiko titularrak ez du onartu Florentino Perez ACSko presidenteak tartean zentzu horretan egindako eskaera.
Epailearen aburuz, Iberdrola inputatzea "oinarririk eta neurririk gabea litzateke, horrek eramango lukeelako balizko erantzunkizun objektibo bat eskatzera, hau da, eskumendeko enpresaren ekintza guztiak kontrolatu behar izatea delituen betetzea saiheste aldera, ustez delitua bete duena eskumendeko enpresa bera denean".
Vilarejoren agendaren arabera, Iberdrolak komisario ohia kontratatu zuen Florentino Perez ACSko presidentea espiatzeko. 2020ko otsailean Iberdrola inputatzeko eskatu zion Perezek epaileari, eta berriro joan den maiatzaren 26an.
Epaileak, berriz, ez du Iberdrolarentzako "probetxuzko zantzurik" ikusten, Iberdrolari erantzunkizuna leporatu ahal izateko orduko araudiak eskatzen zuen moduan. Epaileak aitortu duenez, "dena dela, argi dago eskumendeko enpresaren edozein ekintzak enpresa-talde osoaren emaitza orokorretan islatuko direla".
Epaileak bere autoan azaldu duenez, enpresaren barruan delituen betetzea kontrolatzeko edota saihesteko neurriak abiatzeko eginbeharra ez betetzea litzateke Iberdrolaren balizko erantzunkizun horren gakoa.