Politika -

Senatua

Espainiako Gobernuak uko egin dio GALen eta BVEren biktimei ukatutako kalte-ordainak berriro aztertzeari

Espainiako Exekutiboak legez jardun duela uste du Pedro Sanchezek; ondorioz, "ez dago azterketa berri bat egiterik". Estefania Beltran de Heredia EAJko senatariak gobernuburuaren erantzuna deitoratu du.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, Senatuan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, Senatuan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, Senatuan. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernurko presidenteak astearte honetan ziurtatu duenez, Exekutiboak ez ditu Grupo Antiterrorista de Liberacion (GAL) eta Batallon Vasco Español (BVE) taldeen biktimei ukatutako kalte-ordainak berriz aztertuko, Espainiako zein Europako auzitegiek erabakia berretsi zutelako.

Sanchezek Estefania Beltran de Heredia EAJko parlamentariaren galderari erantzun dio Senatuan. Zigorturik ez dauden GAL, BVE eta eskuin muturreko taldeetako biktimen aitortza eta kalte-ordaina ukatzea berriz aztertuko ote duten galdetu dio jeltzaleak.

EAJko senatariaren hitzetan, kalte-ordaina eskatu zuten pertsona batzuk diskriminatu dituzte. "Ez dituzue biktimak berdin tratatu", esan du Beltran de Herediak. Eskatzaile asko ez dituzte zigortu, eta erreparazio eskubidea dute, gogorarazi duenez.

Beltran de Heredia: "Ez dituzue biktimak berdin tratatu"

Hala ere, Sanchezek argi utzi nahi izan du Espainiako Exekutiboak legez jardun duela, Auzitegi Nazionalak zein Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baieztatu dutenez; ondorioz, "Espainiako Gobernuak ez du azterketa berri bat egiterik".

EAJko senatariak, ordea, erantzuna entzutea deitoratu du. Egoera "bidegabeak" zuzentzea Exekutiboaren esku dagoela errepikatu du jeltzaleak.

Hala ere, Justiziak Barne Ministerioaren ukapenak berretsi zituela azpimarratu du Sanchezek; are gehiago, eskatzaileak prozesu-kostuak ordaintzera zigortu zituen.

"Eskakizunak atzera botatzea legezkoa da. Espainiako Gobernuak hala uste du. Justiziak irmo egin dituen ekintza administratiboak aztertzerik ez dago", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Senatua GAL Estrasburgoko Auzitegia epaiak