Politika -

SALAKETA

Guardia Zibilaren aldetik jasandako jazarpena eta jasotako kolaborazio eskaintzak salatu ditu Galder Barbadok

Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri zion lehergaiak egiteko materiala edukitzea leporatuta, eta Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dago Amurrioko gaztea.

Galder Barbado, Haimar Altuna eta Ainize Martinez. Argazkia: @sortuEH
Galder Barbado, Haimar Altuna eta Ainize Martinez
Galder Barbado, Haimar Altuna eta Ainize Martinez. Argazkia: @sortuEH

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galder Barbado Amurrioko gazteak poliziaren jazarpena salatu du, gaur Sorturen Donostiako egoitzan egin duen prentsa agerraldian. Azaldu duenez, azken hilabeteetan Guardia Zibilaren eskutik jazarpena jasan du eta kolaborazio eskaintzak ere jaso ditu.

Gazteak berak gaurko prentsaurrekoan kontatu duenez, pasa den hilabetean, kotxean zindoazela, lau lagun gelditu zituen Guardia Zibilak errepideko kontrola batean. "Ordu eta erdi baino gehiago eman genuen kontrolpean, mendira begira, eskuak kanpoan, sakabanatuta eta euripean", esan du. Horren hitzetan, ordu eta erdira kamuflatutako bi auto agertu ziren eta ia denek aurpegia estalita zuten. Bere burua Harley izenarekin aurkeztu zuen pertsona batek banan-banan galdeketa egin ziela eta lehen kolaborazio eskaintza orduan etorri zela azpimarratu du. Bere egoera zein zen bazekiela, ezagutzen zuela, gauzak kontatzen bazizkion epaiketarekin lagunduko ziola, eta Bilbon kafe bat hartzera gonbidatu zuen.

Ezezkoa erantzun arren, bazekiela non bizi zen eta bi asteren buruan berarekin harremanetan jarriko zela esan zion. Agindu bezala, duela bi aste telefonoz deitu zion. Harley zela konturatu zenean amurrioarrak eseki egin zion. Orduan, SMS bat bidali zion elkartzeko gonbidapena berriro eginez.

Astelehenean, Amurrion, autora sartzera zihoala pertsona batek jarraitu egin zuela salatu du: "Polizia zela ikusi nuenean, kotxetik jaitsi eta berarengana joan nintzen herritik alde egiteko eta bakean uzteko eskatuz".

Asteartean eta asteazkenean jazarpenak jarraitu egin duela kontatu du. Kasu honetan, lagun bati deitu zioten berarengatik galdetuz. Nor zen galdetutakoan, nahastu egingo zirela erantzun zuten telefonoaren beste aldetik.

Sorturen balorazioa

Sortuk babes osoa agertu dio gazteari eta gisa horretako "mehatxu eta xantaia" pairatzen ari diren herritarrei: "Estatuko aparatuek, Guardia Zibilak kasu honetan, euskal herritarrei egindako jazarpena gogor salatzen dugu".

Halaber, gertatutakoa salatzeko eta publiko egiteko deia egin du Sortuk. Gaineratu duenez, horietako askok salaketa jarri arren diskrezioa eskatu dute. Galder Barbadok ere jarria du salaketa.

Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri zion lehergaiak egiteko materiala edukitzea leporatuta Galder Barbadori, eta Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dago orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Eguneko albisteak Albisteak