Politika -
ESPIOITZA POLITIKOA
Pedro Sanchezek agerraldia egingo du maiatzaren 26an Kongresuan, espioitza kasuei buruzko azalpenak emateko
Paz Esteban CNIko zuzendaria kargutik kentzeak tentsioa baretu badu ere, alderdi nazionalistek eta Unidas Podemosek dokumentuak desklasifikatzea eta ikerketa batzorde bat sortzea eskatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du datorren ostegunean (maiatzak 26) Diputatuen Kongresuan, Pegasus sistemarekin egindako espioitza politikoari buruzko azalpenak emateko.
CNIk onartu du hogei bat independentista zelatatu zituela baimen judizialekin, tartean, Pere Aragones Generalitateko presidentea. Hain zuzen ere, Pedro Sanchez Kataluniako gobernubururekin elkartuko da laster, oraindik bilera horretarako datarik zehaztu ez badute ere. Bilera horren helburua izango da bi gobernuen arteko zubiak berreraikitzea.
Paz Esteban CNIko zuzendaria kargutik kentzeak tentsioa baretzen lagundu badu ere, alderdi nazionalistek eta Unidas Podemosek uste dute ez dela nahikoa eta dokumentuak desklasifikatzea eta ikerketa batzorde bat sortzea eskatu dute.
Espioitza politikoari buruzko pleno monografikoa egiteari argi berdea eman dio Diputatuen Kongresuko Bozeramaileen Batzordeak. PPk, Ciudadanosek eta Voxek alde bozkatu dute; PSOEk eta Unidas Podemosek, aurka.
Osteguneko pleno monografikoaren aurretik, bezperan kontrol saioa egingo da Kongresuan. Pedro Sanchezek ez du parte hartuko Davoseko Foro Ekonomikoarekin bat egingo duelako.