Politika -
MONARKIA
Juan Carlos I.a arratsaldean iritsiko da Vigoko aireportura
Errege emeritua Sanxenxoko Klub Nautikoaren ekitaldi batera joango da ostiralean, eta asteburuan litekeena da bela estropadetan parte hartzea. Astelehenean, Felipe VI.arekin bilduko da Madrilen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Juan Carlos I.ak bost eguneko egonaldia egingo du gaurtik astelehenera bitartean Espainian. Hain zuzen ere, 2020an abuztuan Arabiar Emirerri Batuetara ihes egin zuenetik egingo duen lehen bisita izango da.
Espainiako errege emeritua arratsaldean iritsiko da Galiziara, Vigoko aireportura, Pedro Campos Sanxenxoko Klub Nautikoko presidenteak baieztatu duenez. Halaber, Camposek Sanxenxon duen etxebizitza batean hartuko du ostatu.
Ostiralean, Sanxenxoko Klub Nautikoaren ekitaldi batera joango da, eta asteburuan litekeena da belaontzi estropadetan parte hartzea.
Ia lau hamarkadatan zehar Espainiako errege izan zena ostegunetik igandera egongo da Sanxenxon.
Felipe VI.ak telefonoz hitz egin zuen errege emerituarekin maiatzaren 15ean, eta Madrilen aurrez aurre hitz egitekotan gelditu ziren.
Astelehenean, Madrilera bidaiatuko du Felipe VI.a Espainiako erregearekin elkartzeko, eta egun horretan bertan itzuliko da Abu Dhabira.