Politika -
Espioitza politikoa
Epaileak sekretupean jarri du Pegasus auzia, "ikerketaren segurtasuna arriskuan" jar dezakeela iritzita
Gainera, magistratuak Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari eta Margarita Robles Defentsa ministroari ustezko espioitzaren auzian kaltedun gisa agertzea eskaini die.
EITB MEDIA
Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak sekretupean utzi du hilabetez Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Margarita Robles Defentsa ministroari ustez zelatatzeagatik irekitako auzia, ikerketan ez oztopatzeko. Halaber, biei kaltedun gisa agertzeko eskaera egin die, Ministerio Fiskalak eskatu bezala.
Magistratuak dio ikerketaren emaitza arriskuan jar dezakeen egoera bati aurre hartu nahi diela erabaki honekin. Hala, "legez sailkatuta egon daitekeen informazio sentikorra egotea, Estatuaren segurtasuna larriki arriskuan jartzea edo prozeduratik kanpoko pertsonen bidezko interesei kalte egitea" kontuan izan dituela adierazi du.
Ikerketaren emaitza geroago ezagutu ahal izango dela zehaztu du epaileak, eta horrela "defentsa-eskubidearen edozein murrizketa" saihesten dela.
Datu gutxi izan arren, Zentro Kriptologiko Nazionalak egindako bi txosten teknikoren arabera, presidentearen mugikorra 2021eko maiatzaren 19an eta 31n kutsatu zuten, eta ministroaren mugikorrak intrusio bat jasan zuen urte bereko ekainean. Gaur egun aztertutako mugikorretako batek ere ez du "Pegasus erabiltzen ari den infekzio-adierazlerik".