Politika -
KRISIA PP-N
Martinez-Almeidak PPren Espainiako bozeramaile izateari utzi nahi dio eta ez da zuzendaritzaren bilerara joan
Madrilgo alkate ere badenak azaldu duenez, astearte honetan Madrilgo Udalean ospatuko den osoko bilkura "oso garrantzitsua" prestatzen ari da buru-belarri eta horregatik ez da bilerara agertu. Pren zuzendaritza-batzordeak Casadoren eta Ayusoren artean zabaldutako krisia aztertzeko deitu du bilera.
EITB MEDIA
Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak Espainiako PPren bozeramaile izateari utzi nahi dio, Udaleko lanetan buru-belarri aritzeko, eta ez da PPren zuzendaritza-batzordeak gaur deitu duen bilerara joan.
Pablo Casado PPko presidentearen eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen artean zabaldutako krisia aztertzeko deitu du PPren zuzendaritza-batzordeak gaurko batzarra.
Madrilgo alkatearen gertuko iturriek Europa Press albiste-agentziari azaldu diotenez, astearte honetan Madrilgo udaletxean egingo den osoko bilkura "oso garrantzitsua" prestatzen ari da buru-belarri, eta horregatik ez da bilerara joan.
Gaur goizean ezagutu den beste albistea da Jose Luis Martinez-Almeidak Espainiako PPren bozeramaile izateari utzi nahi diola. Dena dela, Almeidaren gertukoen esanetan, "oraindik ez dago ezer ofizialik".
Antza denez, Martinez-Almeida zuzendaritzarekin hitz egiten ari da bere irteera adosteko.