Politika -

KRISIA PP-REN BAITAN

PPk espedientea itxiko dio Ayusori, haren azalpenak ontzat eman eta gero

Casadok eta Ayusok bilera egin zuten ostiralean, bien arteko guda bideratu nahian. PPko presidentearen inguruak zabaldu duenez, batzar horretan jakinarazi zion erabakia Casadok.

Isabel Diaz Ayuso. Argazkia: EFE
Isabel Diaz Ayuso.
Casadok ontzat hartu ditu kobrantzaren inguruko Ayusoren azalpenak, eta espedientea itxiko dio

1:17

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen aurka irekitako informazio-espedientea itxiko du, Erkidegotik Ayusoren anaiak kobratutako zerbitzuen inguruko informazioa bidali ondoren.

Hala jakinarazi zion Pablo Casado PPko buruak Diaz Ayusori, atzo arratsaldean Genovan egin zuten bileran, PPko zuzendaritza nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Antza denez, Madrilgo Erkidegoak aurkeztutako "larrialdiko kontratazio" horri buruzko informazioa espedientean sartuko dela jakinarazi zion Casadok Ayusori, auzia "behar bezala amaitzeko".

Gainera, iturri horien arabera, Casadok ukatu egin zion Madrilgo presidenteari bere inguruan espioitzarik edo ikerketarik agindu izana, eta jakinarazi zion "kontrakoa dioen edonoren aurka legezko neurriak" hartuko dituela.

Gaur, bere aldetik, Carmelo Barrio PP-Cs taldeko legebiltzarkideak ere egoera bideratzeko deia egin du, Radio Euskadiko solasaldi politikoan.  "Batasuna, batasuna eta batasuna". Hitzok erabili ditu alderdikideei egoera bidera dezatela eskatzeko.

Barrioren hitzetan, "Madrilen eman behar diote konponbidea aferari", eta "alderdiaren zuzendaritzak eta Madrilgo Gobernuak bideratu behar dute gai hau". Horrek aurreratu duenez, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruak astelehenean emango ditu gaiari buruzko azalpenak, Bilbon egingo duen agerraldi batean.

  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Espainia Ustelkeria politikoa azken albisteak Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Madril Pablo Casado Blanco