Politika -
LAN-ERREFORMA
Kongresuko Mahaiak ontzat eman du lan-erreformaren bozketa
Meritxell Batet Kongresuko presidenteak, bere aldetik, erabateko errespetua eskatu die independentzia osoz jarduten duten abokatuei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Diputatuen Kongresuko Mahaiaren gehiengoak babestu egin du astearte honetan otsailaren 3ko lan-erreformaren bozketa polemikoaren zilegitasuna, Alberto Casero PPko diputatuaren akatsari esker aurrera atera zen ekimena.
Popularrek eta Voxek egindako kexen aurka agertu dira bai PSOE baita Unidas Podemos ere; izan ere, bozketa manipulazioa izan zela salatu zuten bi alderdiek iragan astean. Are gehiago, helegitea jarri zuten Auzitegi Konstituzionalean.
Duela egun gutxi, baina, Kongresuko abokatuek txosten baten bidez ondorioztatu zuten PPko diputatuak lan-erreformaren alde emandako botoa baliozkoa izan zela eta, hortaz, ezin dela baliogabetu. PPko zenbait buruzagik txostena zalantzan jarri zuten.
Testuinguu horretan, Mahaiaren bileraren ostean, Meritxell Batet Kongresuko presidenteak agerraldia egin du hedabideen aurrean, eta abokatuentzako erabateko errespetua eskatu du, haren hitzetan, independentzia osoz jarduten baitute.
"Abokatuen argudioak kritikatu ahal izango ditugu, baina ezin ditugu independentzia osoz jarduten duten profesionalak baztertu, eta ezin dugu haien zintzotasuna zalantzan jarri", esan du Batetek, erakundea bera deslegitimatzea dakarrela azpimarratuta.