Politika -

Lan-erreforma

Inbestidurako bazkideak albo batean utzita, Ciudadanosen babesaz gain UPN eta PDeCATena ere behar du Gobernuak

Diputatuen Kongresuko aritmetikari buelta emango dio lan-erreformak. Espainiako Gobernuak Ciudadanosen babesa izango du, eta ez inbestidurako indarrena. Baina hori ez da nahikoa izango. Nafarren eta kataluniar nazionalisten babesa ere behar du.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko irudia: EFE
Diputatuen Kongresua.
Diputatuen Kongresua. Artxiboko irudia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua ziur dago patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin adostutako lan-erreforma aurrera aterako duela Diputatuen Kongresuan. Hala ere, oraindik ez du beharrezko duen gehiengo sinplea bermatuta. Hona hemen bozketan izan daitezkeen emaitzak.

Exekutiboa osatzen duten PSOE (120 eserleku) eta Unidas Podemos (34, Alberto Rodriguezen eserlekua oraindik hutsik dago eta) taldeen babesaz gain, baietza ziurtatu dute Mas Pais-Equok eta Compromisek (3), Kanarietako CC-PNCk (1) eta NCk (1), Kantabriako PRCk (1) eta Teruel Existek (1).

Beste aldean, ezetza ere argi utzi dute PPk (88), Voxek (52), Foro Asturiasek (1) eta Pablo Cambronerok (Ciudadanosekoa zen baina Talde Mistoan dago orain). JxCat (4) ere ezetzean dago.

Pedro Sanchezen inbestidura babestu zutenak ez daude pozik Gobernuak eta gizarte eragileek adostutako testuarekin. Ezkerreko indar subiranistek aldaketak eskatzen dituzte Rajoyren erreforma guztiz alboratzeko, baina negoziaketak geldirik daude, eta EH Bilduk (5), ERCk (13) eta BNGk (1) ezetz bozkatuko dute, baita CUPek (2) ere.

EAJk (5), bestalde, hitzarmen autonomikoen lehentasuna aintzat hartzea eskatu du. Horrela ez bada, ezetz bozkatuko dute.

Beraz, oraingoan, aritmetika parlamentarioa aldatu egingo da lan-erreformaren inguruan. Ciudadanosek (9) dagoeneko esan du gizarte eragileekin adostutakoa defendatuko dutela, betiere bere horretan geratzen bada eta ez badute indar nazionalistek eskatutakoa kontuan izaten. Gobernuak EAJrekin hitzartzea laranjen ezetza ekarriko luke.

Hala ere, Ciudadanos ez da nahikoa Exekutiboarentzat. UPNren (2) eta PDeCATen (4) botoak ere behar ditu. Biak prest egon litezke lan-erreformaren alde egiteko.

Gauzak horrela, hori da legea onartzea ekarriko lukeen egoera bakarra.

Hori horrela da EAJren aldeko botoak Ciudadanos kanpoan utziko lukeelako. Eta jeltzaleen babesa ez da nahikoa Gobernuarentzat.

Babes handiagoa bilatu lezake Gobernuak, ezkerreko indar subiranistekin eta jeltzaleekin. Baiezko gehiago lortuko lituzkeen arren, ez du ematen hori gertatuko denik.

Bestalde, EH Bilduren, ERCren eta BNGren babesa nahikoa luke Gobernuak, EAJ kontuan izan gabe, baina lan-erreformaren testuak aldaketarik egin gabe, egoera hau ere guztiz baztertuta baitago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lan Erreformaren Legea Politika Eguneko albisteak Albisteak