Politika -

Radio Euskadi

Ortuzar: "Gutxieneko diru-sarreraren transferentzia eskualdatzen ez badute, dena pikutara joango da"

Lan erreforma: "EAJk 'ez' bozkatuko du EAEko hitzarmenak lehenesten ez badira". Alonsotegi: "Nik ez nuke ustelkeria deituko, inor ez delako legez kontra aberastu".

Ortuzar, Radio Euskadiren estudioetan. Argazkia: EITB Media
Ortuzar, Radio Euskadiren estudioetan.
Ortuzar, Radio Euskadiren estudioetan. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ohartarazi duenez, Espainiako Gobernuak ez badio Eusko Jaurlaritzari bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren transferentzia osorik ematen, "dena pikutara joango da".

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean, Sanchezen gobernuak egindako lehen proposamena (eskumena denbora baterako eskualdatzea, gero luzatzeko aukerarekin) errefusatu du buruzagi jeltzaleak: "Gutxieneko diru-sarrera epe mugatu batez eskualdatzea ez da transferentzia bat. Ez da adostutakoa, ezta Gernikako Estatutuan jasotakoa ere", azpimarratu du

Arazoa Escriva ministroa ote den galdetuta, baiezkoa erantzun du Ortuzarrek: "Oztopo ministroa da, baina ez bakarrik gurekin".

Lan erreforma ahotan, bestalde, Ortuzarrek argitu du EAJk 'ez' bozkatuko duela lan erreforman EAEko hitzarmenak lehenesten ez badira. "Ez da abstentzio teknikorik izango, eta ez dugu ezikusiarena egingo, ezezkoa izango da". Nabarmendu du hala jakinarazi diola berak negoziazio mahaiko kide guztiei: "Denek jakin badakite EAJk 'ez' bozkatuko duela".

Horren hitzetan, jeltzaleek "baldintza bakarra" jarri dute erreformari babesa emateko, "eta ez da zaila": EAEko lan esparrua Espainiako Estatuaren gainetik jartzea, eta "lege gisa" onartzea. "Aurretik ere indarrean egon zen prebalentzia hori, eta ez zen mundua erori", arrazoitu du.

Ustelkeriagatik ikertutako Jose Luis Erezuma EAJren Alonsotegiko alkate ohiak eta beste auzipetu batzuek lortutako akordioa ere hizpide hartu du Ortuzarrek. Aitortu du "lastima" sentitzen duela, baina, "larritasuna kendu barik, nik ez nuke ustelkeria deituko, praktika txar bat da, irregulartasun bat, gauzak ez dira horrela egin behar. Baina, egia esan, inor ez da legez kontra aberastu. Txapuza bat egin zuten beste zerbait konpondu nahian".

Andoni Ortuzar: ''Alonsotegikoari ez nioke ustelkeria deituko''
Andoni Ortuzar: ''Alonsotegikoari ez nioke ustelkeria deituko''
Andoni Ortuzar: ''Alonsotegikoari ez nioke ustelkeria deituko''

0:43
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lan Erreformaren Legea Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua