Politika -
Lan-erreforma
Lan-erreformari buruzko foroa Diazek zuzentzea onartu du Sanchezek, baina PSOEko ministroak bertan daudela
PSOEk adierazi du ez duela zalantzan jartzen Yolanda Diazen lidergoa, baina lan-erreforma indargabetzeko elkarrizketa-mahaian ministro sozialistak egotea nahi du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lan-erreforma indargabetzeko elkarrizketa-mahaia Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak zuzentzea onartu du Pedro Sanchezek, baina foro horretan ministro sozialistak egotea eta metodologia adostea exijitu du.
Atzo, PSOEk eta Unidas Podemosek egin zuten bileran ez zuten lan-erreformari buruzko akordiorik lortu, gai honen harira koalizio-gobernuaren baitan dauzkaten desadostasunak agerian utzita. Alabaina, gaur ika-mika baretzen ahalegindu dira bi alderdietako ordezkariak.
Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileak nahiz Nadia Calviño lehen presidenteordeak azpimarratu dute Diazek zuzendu behar duela eragileekin sozialekin abiatu beharreko elkarrizketa, bera baita Lan ministroa.
Hala ere, biek iritzi diote zentzuzkoa dela foro horretan beste ministerio batzuetako ordezkariak egotea, tartean Ekonomia, Ogasuna, Hezkuntza edo Gizarte Segurantzakoak, lan-erreformak eragiten dielako.
Bestalde, Calviñok ukatu egin du PSOEk Diazen lidergoa zalantza jarri duenik. "Podemosekin ez dugu arazorik edukiari edo egutegiari dagiokionez, baina bai metodologiaren harira; ministerio ezberdinak nola koordinatuk diren zehaztu nahi dugu eta hori ez eskusartzea", nabarmendu du.
Gobernua krisian dagoela ukatu dute
Espainiako koalizio-gobernua kolokan dagoen galdetuta, Isabel Rodriguezek balizko haustura ukatu du eta 2023ra arte eutsiko diola ziurtatu du.
PSOEk Kongresuan eta Senatuan dituen bozeramaileek ere adierazi dute ez dagoela krisirik eta koalizio-gobernu bateko alderdien artea desadostasuna egotea normala dela azpimarratu dute.
Pablo Echenique Unidas Podemosen Kongresuko bozeramaileak ere baztertu du zatiketa bat dagoenik eta iragarri du akordioa egun gutxiren burua iritsiko dela.