Politika -

Elkarrizketa

Zapatero, ETA desegin zela 10 urte betetzear direla: "Betiko izan zela esan dezakegu"

Espainiako presidente izandakoaren aburuz, elkarrizketa prozesuak "ETA erakunde terroristaren, eta batez ere ezker abertzalearen baitan estalita zegoen hausnarketa bultzatu zuen, alegia, terroreak amaitu behar zuela".

Zapatero, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Zapatero, elkarrizketaren une batean.
Zapatero: 'ETA desegin zenean Moncloan egon nintzenetik egun hunkigarriena izan zen'

0:43

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETA desagertu zela 10 urte betetzear diren honetan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak nabarmendu duenez, "nahiko irmo eta segurtasun handiarekin esan dezakegu betiko izan zela". Izan ere, gogorarazi duenez, hamarkada honetan ez da ekintza gehiago izan, ezta zatiketarik ere.

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi sozialistak azpimarratu du ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean izandako elkarrizketa prozesua "terrorismoaren amaiera horretan erabakigarria" izan zela. Zapateroren ustez, elkarrizketa hark "ETA erakunde terroristaren, eta batez ere ezker abertzalearen baitan estalita zegoen hausnarketa bultzatu zuen (...) terroreak eta zoramenak amaitu behar zutela".  

Era berean, baieztatu duenez, Lopez Peña, "Thierry", ETAko buruzagiak "amaiera hura bi urte lehenago ez izatea zaildu eta oztopatu zuen". 

2011ko urriaren 20 hura nola gogoratzen duen galdetuta, Zapaterok azaldu du Moncloan jaso zuela albistea; "nahiago izan nuen bakarrik egon", aitortu du. "Gobernuak bazekien komunikatuak izan zuen zentzua (...) baina irakurri nuenean asko hunkitu nintzen, Moncloan egon nintzen egun hunkigarriena izan da", nabarmendu du.

Ordutik igaro diren 10 urteetan, "bizikidetza baketsua" izan dugu, Zapateroren arabera, baina orain pauso bat gehiago eman eta "elkarbizitza" bultzatu behar dugula gaineratu du. "Espero dut egunen batean, urrun dagoen egun batean, erabateko adiskidetzeaz hitz egin ahal izatea", adierazi du, onartu duen arren, "zailagoa" izango dela. Nolanahi ere, uste du euskal gizartea "nahikoa ondo" moldatu dela hamarkada honetan; "miretsi egiten dut horregatik", gaineratu du.

Zapateroren esanetan, "indarkeriazko bost hamarkada izan dira. Orain zauriak sendatzen ari gara, batzuk ezingo ditugu osatu (...) Baina espero dut demokraziaren ontasun horrek eta bakearen sendotasun moral horrek adierazpen onak ematen jarraitzea. Pazientziaz begiratzen diot". 

"Jesus Egigurenek aitortza guztia merezi du"

Jesus Egiguren sozialistak bakea lortzeko bidean izandako rolaz galdetuta, Zapaterok esan du "pertsona bat aukeratu beharko banu, bakea bilatzeko eta lortzeko orduan" erakutsitako prestutasunagatik Gipuzkoako politikaria izango litzatekeela erantzun du. Halaber, Arnaldo Otegiren lana ere aipatu du, prozesuan "lagundu" zuelakoan, eta Iñigo Urkulluri emandako "laguntza" eskertu dio. Zapateroren aburuz, lehendakaria "eskuzabal eta leial" aritu zen. 

Ifrentzuan, ETArekin elkarrizketak abiatzeagatik PPren eta ultraeskuinaren aldetik jasandako kritika eta erasoak minez hartu ditu gogoan. "Oso bidegabea izan zen, esperpentikoa. Nik uste Rajoy damutu dela, nik behintzat barkatu dut (...) Barkamenaren alde nago, gizartea bezala", erantsi du.

Azkenik, "atsekabe handiaz" oroitu da T4ko atentatuarekin (2006ko abenduaren 30ean). "Egia esan, ez nuen espero", aitortu du. Dena dela, azpimarratu du epe luzera "ondo hartutako erabakia" izan zela "elkarrizketaren estrategiari eustea, nazioarteko laguntzarekin".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika PSOE Espainiako Gobernua ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin