Politika -
Kartzelak
Hirugarren gradua kendu diote Unai Fano ETAko presoari
Hirugarren gradua urtarrilean eman zioten, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen. "Euskal presoei orokorrean aplikatzen zaien salbuespena" salatu du Etxeratek.
EiTB Media
Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua kendu dio Unai Fano ETAko presoari, Espetxe Erakundeek "garaia baino lehenago eta desegoki" eman ziotelako. Onura lortzeko, Fanoren damuak "asmo utilitarista" izatea zalantzan jarri du Auzitegiak, eta presoak bere delituak txikitzeko "joera" duela erantsi du.
Fano 20 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da Bizkaiko espetxean. Hirugarren gradua urtarrilean eman zioten, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen espetxeratuen zaintzako epaitegiaren zein Auzitegi Nazionalaren aurrean.
"Euskal presoei orokorrean aplikatzen zaien salbuespena" salatu du Etxeratek. "Izan ere, kasu honetan, Auzitegi Nazionalaren autoa salbuespenezkoa da salbuespenaren barruan; ezarritako baldintza guztiak errespetatuz eta bere bizitza aske berregiten saiatuz, bikotekidearekin, alabekin eta ingurukoekin batera, duela bederatzi hilabetetik kalean zegoen pertsona baten birgizarteratze-eskubidea urratzen baitu", azaldu du.
Hasiera batean, espetxeratuen zaintzako epaitegiak helegitea atzera bota zuen, baina Auzitegi Nazionalak onartu egin du orain, eta Fano bigarren graduan uztea erabaki du. Presoa 2008an espetxeratu zuten.
Auzitegiak ez du "damu argirik" ikusten. Bestalde, presoak soilik gatazkaren "zati bezala" ikusten du bere burua, eta indarkeria "borroka politikoan" kokatzen du, Auzitegi Nazionalaren arabera.
Kartzelako barne espedientean, ostera, presoak "edozein indarkeria erabiltzearen aurkako" jarrera agertu, eta "ETAren biktimei eragindako kalteagatik atsekabea" azaldu zuen. "Iraganari dagokion garaia ixteko eragile aktiboa naiz, bake eta elkarbizitza agertoki bat lortzeko", aldarrikatu zuen.