Politika -
Puigdemonten atxiloketa
Generalitateak "jazarpen politikoarekin eta errepresioarekin" amaitzea eskatu du
Pere Aragones presidenteak iragarri du arratsaldean Sardiniara joango dela, eta egoera "oso larria" dela salatu du. "Honek ez du laguntzen gatazka politikoa konpontzen", kritikatu du.
Agencias | EITB MEDIA
Pere Aragones Generalitateko presidenteak Kataluniako independentismoaren kontrako "errepresioa" geldiarazteko eskatu dio gaur Espainiako Estatuari, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia "lehenbailehen" aske geratu dadin.
Adierazpen horiek egin eta ordu gutxira, Sassariko (Sardinia, Italia) Apelazio Auzitegiak aske utzi du Puigdemont, kautelazko neurririk gabe, hurrengo egunetan auzia aztertu arte Sardiniatik ez ateratzeko baldintzarekin.
Aragonesek agerraldi ofiziala egin du eguerdian Generalitateko jauregiaren galeria gotikoan, gobernuko kontseilariak ondoan zituela. Goizean, bart egindako atxiloketak bultzatuta, aparteko bilera egin du Generalitateak, eta ondoren agertu da prentsa aurrera presidentea.
Iragarri duenez, arratsaldean Sardiniara (Italia) joango da Puigdemonti babesa ematera, eta Jordi Puignero presidenteordea eramango du berarekin.
Aragonesek azpimarratu du egoera "oso larria" dela, eta Puigdemonten eta beste buruzagi politikoen kontra dauden euroaginduak erretiratzeko eskatu du beste behin.
Azaldu duenez, Puigdemont atxilotu zutenetik harremanetan egon dira Generalitatea eta Espainiako Gobernua. "Atxiloketa honek ez du laguntzen gatazka politikoa konpontzen, ezta bi aldeen arteko konfiantza giroa sortzen ere", salatu du.
Aragonesen hitzetan, "Espainiako Estatuak ez du fede onez jokatu Europako justiziarekin, mendekua baino ez du bilatzen. Nahikoa da jazarpen politiko eta errepresioarekin".
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin izandako hartu-emanez galdetuta, Aragonesek esan du Generalitateak honako mezua helarazi diola Moncloari: "Amnistia eta autodeterminazioa dira bide bakarrak, horrela baino ez da konponduko gatazka politikoa".